Gaztelekua 13tik eta 17 urtera bitarteko nerabeentzako zerbitzua da, beraz, 2003an jaiotakoak hasi ahal izango dira aurten. Hasi berrientzat irteera egingo dute irailean Bilboko lasergunera hezitzaileak eta gaztelekuaren funtzionamendua hobeto ezagutzeko asmoz. Lokalean ere informazioa jaso ahal izango dute. Beraz, animatu nahi dituzte Gaztelekutik pasatzera hango eskaintzari buruzko informazioa jasotzera.
Gaztelekuko lokalean ikus-entzunezko gela, sukaldea eta tailerra daude; baita topagunea deitzen duten beste gela bat ere. Azken horretan mahai tenisean eta futbolinean aritzeko aukera dago baita mahai-jolasetan ere. Baliabide horiek aukera ematen diete txapelketak antolatzeko, sukaldatzen ikasteko, eskulan tailerrak egiteko… Bestalde, Gabonetarako, Aste Santurako eta Udarako programazio bereziak antolatzen dituzte aurrez nerabeen ideak jasota.
Hasi berrientzat irteera antolatu badute ere, izango da bestelako ekintza bat. Urbizi urpekaritza taldekoekin urpekaritza ikastaroa egitea pentsatu dute. Ikastaroan herriko nerabe guztiek hartu ahal izango dute parte.
•Ate irekiak
Nerabeei ez ezik beren gurasoei eta Gaztelekua ezagutu nahi duen beste edozein herritarri ere eman nahi diete hezitzaileek gunearen berri. Horretarako ate irekien saioa egingo dute irailaren 16an 19:00etatik aurrera.
Gaztelekua eguaztenetik domekara bitartean egongo da irekita 17:00etatik 20:00etara. Ludoteka, berriz, hilaren 25era artean astelehenetik barixakura, 16:00etatik 19:00etara.