“Gerratik ihesean atera dira sorterritik, beldurraren beldurrez, eta behar gorrian daude. Elgoibartik elkartasuna erakutsi behar diegu” adierazi du Nerea Alustizak Siria eta Irak odolusten ari diren gatazka armatuetatik ihesean Europara iristeko bizia arriskuan jartzen ari diren milaka errefuxiatuen inguruan. Errefuxiatuak gurera ailegatuko direla segurutzat jotzen du Alustizak eta bere berbetan “beharrezkoa” da errefuxiatuen etorrerari aurrea hartzea eta dena prest edukitzea. “Lehen unetik babesa emateko prestatuta egon behar dugu”, adierazi du. Ildo berean, elgoibartarrei gonbidapena egiten die inplikatzeko eta kolaboratzeko ahal duten neurrian errefuxiatuei laguntza emanez.
Sozialisten Mozioak hiru puntu ditu. Elgoibar babes herrien sare horretan sartzeko eskaera egiteaz gain, Eusko Jaurlaritza premiatzen du “berehalako” plan bat prestatzeko, Eudel eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, etorriko diren pertsona hauei “ardura eta zabaltasun handienarekin” harrera emateko. Sare honetan partaide diren herriei beharrezkoa den laguntza emateko ere eskatzen du, emergentziazko egoera honetarako ezohiko diru-laguntzak bideratuz.
Mozioan Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari ere egiten die eskaera Alustizak. Udalari eskatzen zaio Espainiako Gobernua estutu dezala bere jarrera malgutzeko Europar Batasuneko negoziaketetan, kide den herrialde bakoitzak dagozkion errefuxiatuak hartu ditzan, eta eskuzabaltasunez eta jarrera zekenik gabe jokatu dezan asilo politikoa ematerakoan.
Mariano Rajoyren Gobernuari ere eskatzen dio Europar Batasunean babestu dezala politika orokor bat inmigrazioari eta asiloari dagokionez.
•Elkartasuna itzultzea
Alustizarentzat, erantzun solidario hau ez da bakarrik gizatasun eskaera bat, milaka euskal herritarrek emigrazioa eta erbesteratze politikoaren drama bizi izan zutenean jaso zuten elkartasuna itzultzea ere bada.