2011n bistaratu ziren Gipuzkoan estreinako liztor beltzak, Donostian. Gure eskualdean 2012an agertu ziren lehen habiak eta espezie inbaditzaile hau ugaritzen ari zela ikusita, 2013an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Debemenen (Debabarreneko Landa Garapenerako Elkartea) esku laga zuen habiak deuseztatzeko ardura. Debemeneko teknikari Amaia Esnaolak emandako datuen arabera, 2014an 27 habia kendu zituzten Elgoibarren, eta urte hasieratik hona 17 kendu dituzte. Maiatzetik abendura bitartean erretiratzen dituzte habiak.
Mendaron, berriz, hamar habi deuseztatu zituzten 2014an eta lau kendu dituzte aurten. Eskualdean 107 kendu zituzten iaz, eta aurten 60 oraingoz. Horiez gain, suhiltzaileek kentzen dituzte lekurik zailenetan dauden habiak.
Habien kopuruak ez duela gora egin dio Esnaolak, baina bai jasotako abisuek, bere ustez jendea gero eta “kontzientziatuagoa” dagoelako. Hirigunean habia gehiago aurkitu dituztela ere azaldu du Esnaolak, liztorrek hirigunetan landa eremuan baino janari gehiago aurkitzen dutela-eta. Edonola ere, ez dela alarmarik sortzea komeni ohartarazi du. “Espezie inbaditzaile bat izanik, eta erleei egiten dieten kaltea ikusita, kendu beharrekoak dira asiako liztorren habiak, baina pakean lagaz gero ez dute arazorik sortzen”.
•Udaltzaingoan eman behar da abisua
Liztor beltzen habiak kentzeko protokoloa ere badago. Habiaren bat ikusiz gero, Udaltzaingoan eman behar dute abisua herritarrek. Handik Debemenera bideratzen dituzte. Horixe izan da San Roke kaleko etxe huts bateko balkoitik kendu duten habiaren kasua. Abisua jaso ostean, Debemeneko langileek jantzi bereziekin habiaren barruan pozoia sartu zuten. Hurrengo egunean, pozoiak bere lana egin ostean, habia kendu eta plastikozko poltsa batean sartu zuten. Gero erre egiten dute. 2013tik hona makina bat habia kendu dituzten arren, Debemeneko behargiñak oraindik ere txundituta geratzen dira liztorrek habiak egiteko duten abileziarekin eta egiten duten ingeniaritza eta arkitektura lanarekin. (ikus goiko bideoan eta ondorengo argazkietan).