Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Henri ekaitz tropikalaren arrastoak heldu dira Penintsulako ipar-ekialdera, eta ziklogenesi leherkorra delako fenomenoa sorrarazi dute. Haize ufada gogorrak Euskal Herriraino ere iritsi dira eta kalte handirik eragin ez badute ere, zuhaitzak edo adarrak, bide-seinaleak, antenak, aldamioak edo fatxada zatiak bota ditu haizeak hainbat lekutan.
Elgoibarren zuhaitz bat lurrera erori da haize bolada indartsuen eraginez. Zorionez, Deba ibaira erori da eta ez du kalterik eragin. Deba ibaiaren ertz batean landatutako zuhaitzetako bat izan da haizeak bota duena. Hain zuzen ere, errenkada berean, beste zuhaitz bat bota zuen haizeak orain dela hilabete batzuk. Dirudienez, gaixorik edo erdi ustelduta daude zuhaitzetako batzuk.
•Zuhaitza trenbide gainera
Haize ufaden ondorioz beste zuhaitz bat erori da gaur goizean, 07:00ak inguruan, Elgoibar eta Mendaro arteko trenbide gainera. Zuhaitza kentzeko lanek iraun duten bitartean, Euskotrenek bidaiariak garraiatzeko autobus zerbitzua jarri du abian. 8:00ak ingururako berrezarri dute tren zerbitzua.