Egur Arte Tailerrak instalazio berriak inauguratu ditu Merkatu Plaza gainean

Barren.eus 2015ko ira. 16a, 13:18

Egur Arte Tailerra orain dela 34 urte sortu zen Elgoibarren eta ordutik herritarrei artearen arlo desberdinak lantzeko aukera eskaintzea izan da bere helburua. Urterik gehienak plaza txikian igaro eta gero, Elgoibarko Udalak instalazio berriak egokitu dizkio Merkatu Plazako lehen solairuan, eta atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia.

Egur Arte Tailerreko arduradunen berbetan, egoitza berri honek aukera asko ematen dizkie. “Espazio zabala denez jende gehiago hartzeko aukera ematen du eta baita ikastaro berriak antolatzeko aukera ere”, nabarmendu dute.

•Eskaintza zabala ume eta helduentzako

Aurki hasi behar den ikasturteari begira, oleo eta esmalte tailerrekin jarraitzeaz gain, marrazki artistiko ikastaroa ere egongo da helduentzat. Umeentzako pintura tailerra eskaintzen jarraituko dute, eta berrikuntzen artean zeramika tailerra nabarmendu dute. Ume zein helduentzako izango da. Horretaz gain Egur Arte Tailerrak ikasturtean zehar bestelako tailerrak antolatzeko asmoa ere badu: origamia, oleoa, serigrafia…

Egur Arte Tailerrak instalazio berrien bultzadaz indarberriturik, arteak dituen alor desberdinetan aukerak eskaintzen jarraituko du eta ikastaroez gain bestelako proposamenak ere sustatuko dituzte, “Elgoibarko herria artean murgildu dadin”.

Tailerretan izena emateko epea irailaren 22an amaituko da. Hona hemen harremanetarako e-posta (egurarte@gmail.com) eta telefono zenbakia: 666 557 538.