Beste urte batez, ehunka mendi bizikleta zale batuko dira Debabarreneko BTT Martxaren zazpigarren edizioan. Urriaren 18an egingo da, igandez, eta izena emateko epea zabalik da dagoeneko. Urriaren 16ra arte, kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena.
Ohi bezala, irteera eta helmuga puntua Elgoibarko Mintxeta Kirol Gunean egongo da. Goizeko 9:00etan emango zaio hasiera probari. Parte-hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran: bata laburra, 25 kilometrokoa, eta bestea luzea, 45 kilometrokoa.
Inskripzioari dagokionean, urriaren 14ra arte, txirrindularitzan federatuek 12 euro ordaindu behar dute eta federatuta ez daudenek 15 euro. Egun horretatik aurrera, 3 euro gehiago ordaindu beharko da. Parte-hartzaile guztiek kamiseta bat jasoko dute opari.
Ibilbidean bi anoa postu jarriko dira eta amaieran beste bat. Anbulantzia zerbitzua, dutxak, bizikleta garbitzeko tokia eta laguntza teknikoa izango dira parte-hartzaileentzat. Ohi bezala, proba amaitutakoan, partaide guztien artean opariak zozkatuko dira, eskualdeko kirol zein turismo arloko enpresei esker: asteburuko egonaldiak, bazkariak edo afariak, kirol materiala, produktu gastronomikoak...
•Martxa herrikoia
Proba hau Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eta Debegesa Garapen Agentziak elkarrekin antolatzen dute, Debemen eta eskualdeko BTT kluben laguntzarekin. Martxa herrikoia da, ez lehiakorra. Mendi bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzea eta Debabarreneko BTT Zentroak dituen ibilbide ikusgarriak ezagutzera ematea du helburu. Informazio gehiago: www.debabarrenaturismo.com
Iaz, 373 mendi bizikleta zalek hartu zuten parte BTT martxaren seigarren ekinaldian.