Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak Gotzon Garate idazle eta euskaltzale nekaezinaren oroimenez urtero udazkenean antolatzen duten zikloak, zazpigarren edizioa beteko du aurten. Eta zazpigarrena izanda, Euskal Herriaren osotasuna aintzat hartu nahi izan dute. Aurtengo zikloaren arrazoia edo motiboa, programaren izenburuan azaltzen den moduan, Iparraldea izango da.
• Elkarlanean antolatutako zikloa
Zikloaren urteroko eragileak Elgoibarko Izarra eta Udala badira ere, aurten beste elkarte-erakunde batzuen elkarlanarekin “jantzi” eta “aberastu” dute programa. Sinuöse taldea, Morkaiko mendizale-elkartea, Haritz dantzari-taldea, Elgoibarko Gazte Asanblada, Etxe-tar enpresa, Belaustegi jatetxea, eta Txarriduna hotela dira, hain zuzen ere, aurtengo edizioan parte hartuko dutenak.
• Denen gustuko ekintzak
“Iparraldea hobeto ezagutzeko hamaika modu egon daiteke, eta guk gurea prestatu dugu”, adierazi dute. Eragileon ezaugarriak eta jarduerak aintzat hartu eta adin eta gustu gehienentzat erakargarria izan daitekeen programa antolatzen saiatu direla azaldu dute. “Gu gustura geratu gara, baina jendeak esan beharko du asmatu dugun ala ez. Hitzaldiak, musika-kontzertuak, kantu-bazkaria, mendi-ibilaldia eta, nobedade moduan, pastorala antolatu ditugu. Guk dakigula, Elgoibarren estreinakoz izango dugu pastorala ikusteko aukera”.
• Parte hartzeko gonbita
Haizea dator Iparraldetik! ekimenaren antolatzaileek eta babesleek elgoibartarrak eta inguruko herrietakoak animatu nahi dituzte antolatutako ekintzetan parte hartzera. “Izan ere, programarik onena ere hutsaren parean geratzen da jendeak parte hartzen ez badu. Beraz, apuntatu zuen agendetan gehien gustatzen zaizkizuen ekintzak eta azaldu eguna iristen denean. Eta ez ahaztu programaren berri zuen ingurukoei ematea. Ea denon ahaleginari eta parte-hartzeari esker Elgoibarren eta Iparraldearen artean dagoen distantzia txikitzea lortzen dugun. Hori da helburu nagusia”.
• Honako hau da Haizea dator iparraldetik ziklorako prestatu duten programa:
Mixel Etxekopar, musika-kontzertua, Sinuoserekin elkarlanean
Urriak 2, barixakua. 23:00etan
Sarrerak: Sotoan, egunean bertan.
Prezioa: 3€
Kultur Etxeko sotoan
Euskara Iparraldean: egiak eta susmoak, hitzaldia
Xan Aire
Urriak 7, asteazkena. 19:00etan
Kultur Etxeko hitzaldi-gelan
Mendi-ibilaldia, Ainhoatik Donibane Garazira
Morkaiko mendizale elkartearekin
Urriak 10-11-12
Prezioa: 70 € (80 €, bazkide ez direnentzat)
Izena emateko: Elgoibarko Izarra eta Morkaiko Mendizale elkartea
Izena emateko azken eguna: urriak 2 (23 lagunentzat)
Iparraldeko kultura, hitzaldi-elkarrizketa
Antton Luku eta Miren Artetxe
Urriak 14, asteazkena. 19:00etan
Kultur Etxeko hitzaldi-gelan
Kantu-bazkaria, Aire ahizpak hirukotearekin
Belaustegi jatetxean.
Kantura etorriko dira: Eñaut Elorrieta eta Uxue Alberdi, Jon Gurrutxaga eta Iban Urizar.
Urriak 24, larunbata. 14:00etan
Prezioa: 35 euro
Izena emateko: Elgoibarko Izarran (urriaren 19a baino lehen).
Babeslea: Belaustegi jatetxea
Gure herriaren iparra ez galtzeko, gehigarri berezia
BARREN astekarian
Urriak 30
Ederlezi pastorala
Haritz dantzari taldearekin elkarlanean
Herriko Antzokian
Azaroak 14, larunbata. 17:30ean.
Sarrerak hartzeko: aurretik, Elgoibarko Izarran, eta egunean bertan, Herriko Antzokian.
Prezioa: 5 euro
Babeslea: Etxe-tar enpresa
Nahia x Matthys eta Xiberoots musika-taldeen kontzertua
Gazte Asanbladarekin elkarlanean
Gaztetxean
Azaroak 14, larunbata. 23:00etan
Sarrerak: Gaztetxean, egunean bertan.
Prezioa: 3 euro