Donostiako Zinemaldian nahiz nazioartean saritutako filmak ekarriko ditu Ongarrik Elgoibarrera

Barren.eus 2015ko ira. 18a, 12:34

Gaur, hilak 18, hasiko da Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 63.edizioa. Izar handiak Donostiara iristearekin batera, izar ezagun gutxi, baina kalitate handiko filmak ikusteko aukera izango dugu Elgoibarren, Ongarri zineklubak bildutako bost filmeko sortan. 

Ongarrik Herriko Antzokian eskainiko dituenak Donostiako Zinemaldiko aurreko edizioetako filmak dira batzuk, eta nazioartean sariturikoak, besteak. Libano, Estonia edo Mexikoko filmak ikusteko aukera izango da Herriko Antzokian. Atzo, eguena, eskaini zuten zikloko aurrenekoa, Phoenix izeneko filma. Edonola ere, gaur ere eskainiko dute, 21:30etik aurrera. Nazioarteko kritikak emandako film onenaren saria jaso zuen iaz Donostian. Hona hemen zikloko filmeei buruzko informazioa:

♦ ‘Phoenix’. Irailaren 18an, 21:30ean.

Christian Petzold zinemagileak II. mundu guda osteko Alemaniara garamatza film honetan. Traizioa egin eta Auschwitz-era eraman zuten emakume abeslari baten istorioa dakarkigu. Aurpegia erabat desitxuratuta itzuliko da eta zirujau bati aurpegia itxuratzeko eskatu ondoren senarraren bila hasiko da. Barbara, bere aurreko filmean bezala hemen ere emakume bat da protagonista. Iaz nazioarteko kritikak emandako film onenaren saria jaso zuen Donostian, sail ofizialean

♦ ‘Ghadi’. Irailaren 19an, 19:00etan. Hilaren 20an, 19:00etan. Eta hilaren 21ean, 21:30ean.

Libanoko filmak ikusteko aukera gutxi izaten dugu eta aukera polita da Amin Dora zuzendariaren lehen film luzea: Ghadi. Bi alabaren ostean hain desiratua den semea iritsiko da, Ghadi, down sindromearekin jaioko da eta auzokideek ez dute gaitza ulertuko, horren aurrean aitak pikareska erabiliko du semea babesteko. Ez zaio umorea falta 2014an Libanon Oscarretarako ordezkari moduan aukeratu zuten film honi

♦ ‘Güeros’. Irailaren 22an eta 24an, 21:30ean.

Zinema-ibilbidearen hasierako road movie-a eta komedia da, Frantziako Uhin Berriaren omenezkoa. Tomas nerabearekin moldatzea zaila denez, amak Mexiko Hirian ikasten ari den anaia nagusiarekin bidaliko du. Tomasek Epigmenio Cruzen kasete bat eraman du, aitarengandik oinordetzan hartua. Bere idoloa ospitale batean hilzorian dagoela jakitean rock izar zaharrari begirunea adieraztera joatea erabakiko du. Hainbat sari jaso ditu Alonso Ruizpalacios mexikarraren filmak.

♦ ‘Mandarinas’ (Mandariinid). Irailaren 23 eta 25ean, 21:30ean

Sari ugari jasotako Estoniako filma da. Abkhaziako gerra hastear denean, 1992. urtean, Georgian bizi diren estoniar gehienek alde egitea erabakiko dute. Ivok ez du hala egingo, Margus adiskidea lagundu nahiko duelako mandarinen uztan. Nahitaez, gerra etxeraino iritsiko zaio. Aurkariak diren bi soldadu zaurituko dituzte haren etxe aurrean eta biak zaintzeaz arduratuko da. 2015eko Oscar eta Urrezko Globo sarietarako izendatua izan zen.

♦ ‘El Padre’ (The Cut). Irailaren 26an, 19:00etan eta 22:15ean. Hilaren 27an, 19:00etan. Eta 28an, 21:30ean.

1915.urtean Turkiako Mardin herrixkan polizia gizon armeniarrak atxilotzen ari zen eta horrela Nazaret bere familiarengandik urrunduko dute. Genozidioari aurre egitea lortu ondoren bere alaba bizkiak bizirik daudela jakingo du eta bilaketari ekingo dio. Hainbat herrialdek produzitutako filma Venezia eta Gijoneko zinemaldietan saritu dute.