Bazkide berriak egiteko kanpaina jarri du abian Debabarrena areto futbol kirol-taldeak. Debabarrenako zuzendaritza taldeak jakinarazi duenez, merkeagoa izango da urteko kuota. Hala, 2015-2016 denboraldian bazkide izateko ordaindu beharreko kuota 30 eurokoa izango da. Bazkide izatearen abantailak ere nabarmendu dituzte, besteak beste, partiden atsedenaldietan zozketatzen dituzten opariak eskuratu ahal izateko txartelak jasoko dituzte. Bazkide kuotaz gainera, futbol partidetarako sarreren prezioak ere merkeagoak izango dira. Hiru euroan salduko dituzte. Alabaina, zuzendaritzak aurreratu duenez, lau partida Klubaren Egun izendatzeko aukera izango dute. Bazkide egitea nahi duenak Kutxabank edo Laboral Kutxako kontu korrontean 30 € sartu behar ditu, edo Debabarrenako kideren batekin harremanetan jarrita ere egin daiteke bazkide (bazkide egiteko informazio osoagoa). Bazkide txartelak partiden hasieran banatuko dituzte.
•Garaipena lehen partidan
Asko kostata, baina garaipen batekin hasi du denboraldia Debabarrenako talde nagusiak, Concepto Egilek, Bigarren B Mailan. Ibarrako Belabieta kiroldegian jokatu zuten denboraldiko lehen partida Lauburu Ibarra taldearen aurka, eta 1-3 nagusitu zen Debabarrenako taldea. Conceptok baja askorekin hasi du denboraldia, Kiki, Kimetz, Urtzi eta Yahyak ezin izan baitzuten Ibarran jokatu. Hori dela-eta, balio handiagoa du lortutako garaipenak. Marcos (2. minutuan) eta Asier (33. minutuan eta 40. minutuan) izan ziren Conceptoko goleatzaileak. Ioritzek sartu zuen etxekoen gola, 36. minutuan. Conceptok lehen gola azkar sartu izanak asko baldintzatu zuen partida. Denboraldi hasieran indarrak juxtu xamar daudenez, erasora jo beharrean markagailuari eustea erabaki zuen Conceptok. Lauburukoak, aldiz, gogotik saiatu ziren erasoan, baina ez zuten golik egitea lortu ia partida amaierara arte.
Bigarren jardunaldian IMH kiroldegiko kantxa estreinatuko du lehiaketan Conceptok. Iruñeko A.D. San Juan taldearen aurka jokatuko dute, zapatuan (irailak 26), 18:00etan.