Artile tailerra egingo dute hileko azken zapatuko ferian

Barren.eus 2015ko ira. 23a, 12:28

Elgoibarko Udalak eta Debemenek antolatuta, iraileko azken zapatuko feria egingo dute hilaren 26an. Debabarrena areto futbol taldeak prestatuko ditu Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin egindako pintxoak, eta, eguerditik aurrera, artile tailerra egongo da umeentzat.

Ohi duten legez, Elgoibarko hainbat baserritarrek eta ekoizlek saltokiak jarriko dituzte Kalebarren plazan (9:00etatik 14:00etara), hileko azken zapatuko ferian. Horretaz gain, Kale Kantariak taldeak euskal kantu herrikoiekin girotuko du feria eguna. 12:00etan hasiko dute kalejira Kalebarren plazatik. Ganadu erakusketa ere egingo da, eguerditik arratsaldera bitartean, Aita Agirre plazan.

Hil honetan Debabarrena areto futbol taldeak kudeatuko du Kalebarren plazan jarriko duten txosna. Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin egindako pintxoak salduko dituzte. 

• Artile tailerra

Debemenek antolatuta artile tailerra egingo dute 12:00etan, Atxutxiamaikak lagunduta. Artilea kardatzen eta artilea feltro bihurtzen irakatsiko dute, besteak beste.