Jokin Muñozek bigarren egin du Madrilgo triatloian, 25-29 urte artekoen mailan

Barren.eus 2015ko ira. 28a, 17:16

Distantzia luzeko triatloia (Ironman) izan zen joan den asteburuan Madrilen; 'Madrid Km 0'. Proba hori zuen aurtengo denboraldiko helburua Jokin Muñoz triatleta mendaroarrak eta gainditu ez ezik podiumera ere igo da; 25 eta 29 urte artekoetan bigarren postua eskuratu du. 

 Igeriketa proba egin behar izan zuen lehenengo Riosequilloko urtegian (Buitrago de Lozoya) eta 3,8 kilometroko distantzia ordubete, 20 minutu eta 14 segunduko denboran amaitu zuen Muñozek. Uretatik irten eta bizikleta gainean 180 kilometro egin behar izan zituzten. Ibilbidea Madrilgo mendilerroan barrena izanik lau mendate igo zituzten: Canencia, Morcuera, Cotos eta Navacerrada. Bizikletako ibilbidea egiteko 6 ordu, 19 minutu eta 49 segundo behar izan zituen mendaroarrak. Azkenik, korrika, maratoiko distantzia (42 km) hiru ordu, 14 minutu eta 51 segunduko denboran egin eta helmuga, Madrilgo 0 kilometroa 10 ordu 57 minutu eta 45 segunduan zapaldu zuen. 300dik gora lagunek lortu zuten proba amaitzea (ikus sailkapena) eta sailkapen nagusiko 40. postuan sailkatu zen Muñoz. Bere adin tartekoen artean, 25-29 urte artekoen mailan, bigarren denborarik onena egin zuen Jokin Muñozek. Hector Guerra espainiarra (8:39:13) eta Julia Bhon (10:27:51) izan ziren probako irabazleak.
Gogorra
Madrilen distantzia hauetako triatloia antolatu duten lehen aldia da eta Jokin Muñozentzat esperientzia polita izan da bertan parte hartzea. Iaz Bartzelonan egin zuen distantzia bereko triatloia eta Madrilen bizikletako proba “gogorra” iruditu zitzaion arren, egindakoarekin “gustura” dagoela esan digu.
Jokin Muñozek Madrilgoaz gain, Bilbon, Zarautzen eta Valladoliden egin ditu denboraldi honetan beste triatloiak eta bere helburua beteta aurtengoz atseden hartuko duela jakinarazi digu.

2015 09 26 jokun muoz1

2015 09 26 madrid ironman jokinmunoz helmuga

2015 09 26 madrid ironman jokinmunoz