Mezarekin hasi dituzte gaur San Migel eguneko ospakizunak Aiastian. Ondoren, bertso saioa eskaini dute ‘Ziarda’ eta ‘Mañukorta’ bertsolariek, eta eguerdirako esku-pilota partidak aurreikusita bazeuden ere, ezin izan dituzte jokatu, frontoiko zorua hezeegi zegoenez arriskutsuegia zelako. Ipar mendebaldeko haizeak jotzen duenetan bustita geratzen da Murkaikupe frontoia, eta gaur ere halaxe suertatu da. Auzotarrek herri bazkaria egin dute auzoko elkartean eta Elustondo anai-arrebak trikitilariek eskainitako erromeriak girotu du bazkalostea. Afalostean izan du segida erromeriak.
Festak, baina, joan den barixakuan hasi ziren eta egitarauan izan da kirol proba eta demetarako lekua.
• Manuel Gorriti eta Nere txakurra onenak
Arraza libreko artzain txakurren Euskadiko Txapelketa jokatu zen joan den zapatuan, eta Manuel Gorriti aizarnazabaldarraren Nere txakurra izan zen onena, 261 puntu eskuratuta. Bigarren postua, Jose Antonio Arrillaga elgoibartarrak egin zuen Txiki txakurrarekin (256 puntu lortu zituzten). Hirugarren, Matxinbentako (Azpeitia) Pello Segurolak egin zuen Argi txakurarrekin (254 puntu).
Domeka goizaldean jokatu zen auzoko bolo txapelketan Migel Mugertzak lortu zuen lehen saria (100 euro), lau txirlo botata. Angel Loiola eta Almorza sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, hiru eta bi txirlo botata.
• Igon Manzisidor azkarrena antxitxika
Domeka goizean Aiastiako VIII. Igoera jokatu zuten. 26 lagunek osatu zuten Kalegoen plazatik Murkaikupe frontoirainoko ibilbidea, eta Igon Manzisidor antxitxikari debarra izan zen azkarrena, 19 minutu eta 48 segundoko denborarekin. Mansidorrek Aiastian lortzen duen hirugarren garaipena da (2011 eta 2013koak ere irabazi zituen). Ez zuen, baina, errekorra ontzerik lortu. Asier Cuevas eibartarrak ezarri zuen probako errekorra (18:35), 2010. urteko igoeran. Irabazleak 34 segundoko aldea atera zion bigarren postuan ailegatu zen Josu Uriarteri, eta ia minutu batekoa hirugarren sailkatu zen Iban Murua elgoibartarrari (20:41). Emakume bakarrak hartu zuen parte, Pilar Lamak (36:27).
Aiastiara korrika igoerako irabazleak, urtez urte:
- 2007: Unai Bengoa eta Ane Mendia
- 2008: Josu Arregi eta Nerea Amilibia
- 2009: Iñigo Lazkano eta Nerea Amilibia
- 2010: Asier Cuevas eta Nerea Amilibia
- 2011: Igon Manzisidor eta Nerea Amilibia
- 2012: Iñigo Lariz eta Pilar De La Lama
- 2013: Igon Manzisidor eta Ainhoa Lendinez
- 2014: Iñigo Lariz eta Nerea Lendinez
• Olidenen idi parea nagusi
Idi demak jokatu zituzten domeka arratsaldean eta Olidenen idi pareak lortu zuen garaipena, 43 plaza, 3 zinta, 3 metro eta 81 zentimetrioko markarekin. Egoitz Armaolearen idi bikoteak 39 plaza, metro bat eta 87 zentimetroan mugitu zuen harria. Mendigoitxiren idi parea sailkatu zen hirugarren, 31 plaza, 5 metro eta 44 zentimetroko marka egin eta gero.