Fagorreko ordezkari Leire Okarantzak eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok Euskaragileak enpresa batzordea aurkeztu zuten, astelehenean, Donostian egindako agerraldian. Lan-mundua euskalduntzeko zutabeetako bat enpresek beraiek osatzen dutela aintzat hartuta,“euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen sarea indartzea eta beren ereduak ezagutzera emateko” helburuarekin sortu dute taldea euskararen normalizazioan aitzindari diren hainbat enpresak, Kontseiluaren baitan.
“Enpresen euskalduntzean aurreratuta dabiltzan hainbat enpresarekin harremanetan jarri ginen Kontseiluko aholkularitza erakundeen bidez eta Euskaragileak enpresa batzordea sortzea proposatu genien”, adierazi zuen Bilbaok. Hainbat enpresak eman zioten erantzun baikorra deialdiari eta horrela, iazko irailean martxan jarri zen batzordea. Gaur egun ondorengo enpresek parte hartzen dute: Batz, Cikautxo, Eika, Ekin, Elay, Fagor, Goizper Group, IMH, Irizar, Matz-Erreka, Mondragon Unibertsitatea Eskola Politeknikoa, Mondragon Korporazioa eta Orkli.
- Informazio osoagoa: kontseilua.eus