Maite Maiorak hirugarren egin du Hong Kong-en jokatu den Lantau 2 Peaks mendi lasterketan

Barren.eus 2015ko urr. 5a, 09:19

Distantzia ertaineko mendi lasterketen Munduko Kopako laugarren proba jokatu zuten, domekan, Txinako Hong-Kong hirian. Mujigae tifoiak eragindako eguraldi txarrak guztiz baldintzatu zuen lasterketa. Maite Maiorak, baina, zailtasunak gaindituz, hirugarren postua lortu zuen, eta Munduko Kopa irabazteko aukerak ditu bi aste barru Italian jokatuko den azken proban.

Maite Maiora Munduko Kopako (Skyrunner World Series) sailkapen nagusiko lehen postuan zela joan zen Txinara, Lantau 2 Peaks proban parte hartzera. Orain arteko lasterketetan lortutako emaitza txarrena hobetzea zuen helburu, Canazeiko (Italia) zazpigarren postua, hain justu ere, emaitzarik onenak hartzen baitira kontutan sailkapen nagusirako. Lortu du helburua. Txinan hirugarren eginda, sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago orain, 322 punturekin. Txinan bigarren egin duen Laura Orgue kataluniarra dago lidergoan 364 punturekin eta 350 puntu dauzka bigarren dagoen Elissa Desco italiarrak. Hiru horiek eta laugarren eta bosgarren postuetan dauden Megan Kimmel (300 puntu) eta Stevie Kremer (254 puntu) estatubatuarren artean erabakiko da zein den munduko txapelduna, Kopako azken proban. Italian jokatuko da azken proba (Limone Extreme) urriaren 18an. Gainera, aurreko probetan baino puntu gehiago egongo dira jokoan. 

• Mujigae tifoia

Sufrikario latza pasa behar izan dute Lantau 2 Peaks proban parte hartu duten antxitxikariek. Antolatzaileak proba bertan behera lagatzekotan egon ziren Txina hegoaldea astindu duen Mujigae tifoiaren beldur, -gutxienez lau hildako eragin ditu- baina proba jokatzea erabaki zuten azkenean. Hala, euri jasa gogorrek eta haize bortitzak baldintzatutako proba izan zen. Maite Maiora pozik zegoen lortutako hirugarren postuarekin, baina poz handiagoa zuen bizirik irten izanaz. Antxitxikariak eraman ahal izateko indarra zuten ur jausiek, haize ufada indartsuek eta eskaileraz jositako ibilbide irristakorrak erorketa asko -arrisku handikoak zenbait- eragin zituztela esan du Mendaroko korrikalariak. 

Eguraldiari eta ibilbideko maldei aurre eginez, Salomon taldeko Yngvild Kaspersen norbegiarrak egin zuen denborarik onena (2:42:04) emakumezkoetan. Zazpi minututik gorako aldea atera zion bigarren sailkatuari, Laura Orgueri. Salomón taldeko saltakari kataluniarrak 2:49:58ko denboran osatu zuen ibilbidea. La Sportiva taldeko Maite Malora mendaroarra sailkatu zen hirugarren, 2:51:19ko denborarekin. Gizonezkoetan Remi Bonnet suitzarra nagusitu zen, 2:14:07ko denborarekin. (ikus probako sailkapenak)