Amabirjinari salbea abestuta, amaitu dira Errosario kaleko jaiak

Barren.eus 2015ko urr. 8a, 09:00

Errosarioko amabirjinaren eguna ospatu zuten atzo Errosario kalean, eta amabirjinaren irudipean salbea abestuz eman zioten amaiera joan den barixakuan hasi zituzten festei. Tradizioak, erlijioak, herri kirolek eta umeentzako eta nagusientzako antolatutako ekintzek bat egin dute jaietan (argazki-bilduma dauka)

Joan den barixakuan hasi eta atzo amaitu ziren Errosarioko Ama Birjinaren omenezko festak. Umeentzako antolatutako ekintzak izan ziren nagusi barixakuan, Elgoibarko Ludotekako kideen eta Kiribil barraskiloaren laguntzaz. Zapatuan, berriz, 2009an berreskuratu zuten Errosarioko amabirjinaren Ezpata-dantza eskaini zuten Haritz Euskal Dantzari Taldeko dantzariek. 

Zapatu eguerdian herri kirol erakustaldia eskaini zuen Mutrikuko herri kirol taldeak Kalebarren plazan. Mugertza anaiak aritu ziren aizkoran eta Karmele Gisasola txingak eramaten eta ingudea altxatzen.

Ondorengo argazki-bilduman batu ditugu aurtengo Errosario kaleko jaiek emandako irudi esanguratsuenak.