Debabarreneko Erakunde Sanitario Integratuko gainbegiratzaile talde osoak dimisioa eman du

Barren.eus 2015ko urr. 8a, 17:31

Debabarrenako Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) Erizaintzako zuzendari Nerea Larrañaga kargutik bazter utzi ostean, Mendaroko Ospitaleko eta Debabarreneko beste zentro batzuetako ehun bat erizain eta erizain laguntzailek protesta ekitaldia egin zuten. Larrañaga kargura buelta dezatela eskatzen duen eskutitza eman zieten zuzendaritzakoei, eta horrez gainera, erizain adjuntu eta gainbegiratzaile guztiek, 17 guztira, dimisioa eman zuten. 

Azken hamar urteetan Debabarrenako ESIko Erizaintzako zuzendaria izan den Nerea Larrañaga Goikoetxea kargugabetu egin zuten, joan zen ostiralean. Erabaki horren aurka protesta egitea erabaki zuten Mendaroko Ospitaleko erizain, erizain laguntzaile, zaindari eta beste kategoria batzuetako langileek, eta baita Debabarreneko beste osasun zentroetakoek ere. Protestan parte hartu zuten lagunek Debabarreneko ESIko gerenteari, Eduardo Maiz-I, eskutitz bana laga zioten bere bulegoan eskatuz kargugabetzea bertan behera uzteko. Joan den astelehenean izan zen.

Larrañaga kargutik bazter uzteko erabakiaren arrazoia irizpide desadostasun batean dagoela jakinarazi dute eskutitzaren sinatzaileek, Debabarreneko ESIko Medikuntza zuzendaritza eta Erizantza zuzendaritzen arteko desadostasun batean, hain justu ere. 

Gutun horretan, besteak beste, azpimarratu dute Osakidetzak esaten duela erizaintza dela sistemaren bizkar hezurra eta bere funtzio eta betebeharrak garatu behar direla. Hortaz, ez dutela ulertzen nola ESI honetako zuzendaritzak “amen egin dien botere talde baten presioei" eta hasierara bueltarazi dituzten "oso konpetentea"  den langile profesional hori kenduz.

Era berean, Nerea Larrañagak egindako lana goraipatu dute Erizainen sindikatutik, Satsetik. Honela esan dute: “Nerea Larrañagak erizaintza funtzioak garatzearen eta erizainei eskumen gehiago ematearen alde lan handia egin du. Horrez gainera, ikerkuntza eta lidergoa sustatu ditu erizaintzan”. Aldiz, Larrañagaren kargugabetzea erizainen hainbat eskuduntza desegiteko modu gisa ikusten dute. "Badira Osakidetzaren baitan beste talde batzuk, sendagileena esaterako, ez datozenak horrekin bat erizainok funtzio batzuk hartuz gero beraiei lanpostuak kenduko dizkiegula uste baitute”.

• Talde guztiak eman du dimisioa

Erizaintza zuzendaritza zuzendariaz gain, zuzendari albokoak eta unitateko ikuskatzaileek osatzen dute, beraz, zuzendaria babesteko talde guztiak eman du dimisioa. “Izan ere, emakume hau lanbidearen baitan irudimen askokoa da, ikusten zuen lanbidearen noranzkoa eta betikoan gelditu ez gaitezen gure betebeharrak nola garatu behar ditugun. Hori da Osakidetzak aldarrikatzen duena, baina gero betetzen ez duena”, esan du Satseko Gipuzkoako idazkari Pilar Mendiak. Hortaz, momentuz erizaintzako koordinatzailerik gabe dago une honetan erizaintza zerbitzua. 

Mendaroko Ospitaleko gerentziatik eta Osasun Sailetik ez digute oraingoz gai honi buruz ezer jakinarazi.

2015 10 03 esi debabarrena dimisioa1