Club Deportivo Elgoibarren Mendeurrena ospatzeko logotipo baten diseinurako lehiaketa antolatu du C.D. Elgoibarren mendeurren batzordeak. Lehiaketaren oinarrietan jasota dagoenez, logotipoa diseinu artistikoa, oraingoa, xinplea eta erraz ezagutzeko modukoa izan behar da, bai eta Club Deportivo Elgoibar identifikatzeko egokia ere. Ez dute argazkirik onartuko. Lanak abenduaren 31 baino lehenago aurkeztu beharko dira klubak Mintxetan duen egoitzan. Irabazlearen izena, berriz, 2016ko urtarrilaren 17an ezagutaraziko dute. 300 euroko sari bakarra banatuko dute.
- Ikus hemen Logotipo lehiaketaren oinarriak PDF
• 100 urte futbolean
Elgoibarko futbol kluba sortzeko ideia 1915. urte inguruan gorpuzten hasi zen zenbait elgoibartar futbolzaleren buruan. Urte hartan bertan, Ricardo Astigarraga, Rufino Unzueta, Demetrio Vallejo eta Juan Belokik Elgoibar Football Club izeneko taldea osatu zuen eta bi urte beranduago, 1917an, federatu egin ziren. Gipuzkoako futbol federazioa bera 1918ko apirilaren 25ean eratu zen ofizialki. 1917. urteko talde hura, C.D. Elgoibar elkartearen lehendabiziko futbol taldea izan zen, Elgoibar Football Club izena zuen arren (1940an, Tomas Zubizarreta presidente zela, hartu zuen Club Deportibo Elgoibar izena). Jokalariek, futbol zelaiko zereginaz gain, klubaren ordezkapen eta zuzendaritza lanak bete behar izaten zituzten. Klubaren finantzaketa, bazkide batzuen laguntzaz, beraien kontu zeramaten. Lehen presidentea Demetrio Vallejo izan zen eta jokalari eta zuzendaritzako kideak, -denak ez badaude ere- honako hauek ziren: Sebastian Unzila, Jose Ansola, Juan Etxaniz, Ricardo Astigarraga, Silvestre Ziaran, Rufino Unzueta, Ildefonso Zabaleta, Demetrio Vallejo, Prudencio Etxaniz, Satur Unzilla, Doroteo Rementeria...
Hasieran, San Roke auzoko “Azkube” futbol zelaian jokatzen zuten futbolean; gero 1925-26 denboraldian, Lerungo futbol zelaia estreinakoz zapaldu zuten eta 1993an, Leruni agur esan eta Mintxetako futbol zelaian jokatzen hasi ziren. Futbolaz gain, txirrindularitza eta atletismoa zeuden C.D.ren baitan.