Ahotsak

Sasoi bateko kantu-jolasak eta abestiak gaur egungo umeen ahotan

Barren.eus 2015ko urr. 14a, 14:20

Don Don Kikilikon, Dona Dona Katona, Arriola Marriola, Kukurruku, Katarramixon… kantu-jolas ezagunak dira adinean aurrera doazenenentzat, eta, aldiz, ezezagunagoak gazteen artean. Elgoibarko Ahotsak proiektuari esker, baina, Elgoibar Ikastolako eta Elgoibarko Herri Eskolako ikasleenganaino ailegatu dira euren guraso eta aiton-amonek jolaserako erabili ohi zituzten kantu-jolasok. Ikasi eta abestu dituzte eta baita sarean jarri ere kantu-jolasekin egin dituzten grabazioak. (bideoak dauzka)

Elgoibarko Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak ahozko ondarea jasotzeko elkarlana abiatu zuten 2006an. Ordutik, lankidetzan jardun dute bi erakundeek Elgoibarko Ahotsak proiektua sustatzen eta elikatzen. Lan horri esker, bildutako materiala www.ahotsak.eus/elgoibar helbidean dago ikusgai. Bertan 72 hizlariren ahozko jarduna dago jasota, 1.341 pasarte inguru eta 366 bideo. 

2015 10 14 kantu jolasak ahotsak he

• Ahotsak Elgoibarko eskoletan

Bildutako material asko landuta dagoela ikusirik, urrats bat gehiago eman nahi izan dute eta jasotako material hori hezkuntzara bideratzeko ahalegina egin dute herriko ikastetxeekin batera. 

Ahalegin horren emaitza da 2014-2015 ikasturtean Elgoibarko Herri Eskolako eta Elgoibar Ikastolako Haur Hezkuntzako ikasleekin egindako kantu-jolasen grabazioa. Nagusiengandik jasotako ahozko ondarea eskolan landu eta haiek jolaserako erabiltzen zituzten kantu eta jolasak ikasi eta praktikan jarri dituzte. Guztira, bederatzi bideo jarri dituzte sarean ikusgai: sei kantu-jolas, bi jolas eta abesti bat.  

Bideoak ikusgai daude www.ikasgelan.ahotsak.eus/elgoibar loturan, eta fitxak ere badaude jolas-kantuen informazio osagarriarekin.