2015-2016 ikasturterako 375 umek eman dute izena Elgoibarko Eskola Kirolean, aurreko ikasturtean baino 25 ume gehiagok, alegia. Ume horiek, saio teknikoak jasoko dituzte astean bi aldiz, eta kirol jarduera desberdinetan parte hartuko dute asteburuetan. Eskola Kirola atletismo jardunaldiarekin hasiko da zapatuan, urriaren 17an. Benjamin eta alebin mailako umeek hainbat probatan hartuko dute parte Mintxetako kirolgunean, 9:45etik 11:30ak bitartean. Besteak beste, luzera jauzian, pisu jaurtiketan, 60 metroko lasterketan eta errelebo lasterketetan lehiatuko dira. Aurre benjaminek, berriz, jolasak egingo dituzte atletismo pistan.
Eskola Kiroleko arduradunek jakinarazi dutenez, elkartearen helburu nagusia da kirolaren bitartez haurrak “heztea”, partaidetza eta elkarren arteko errespetua sustatuz. “Kirola egitea ez da helburu bakarra, kirolaren bitartez bizitzarako eredugarri diren balioetan heztea baizik”, nabarmendu dute.
- Informazio osoagoa: elgoibarkoeskolakirola.blogspot.com