Mikel Hernandez soraluzearrak irabazi zuen atzo, hilak 18, Mendaron jokatu zuten apustua

Barren.eus 2015ko urr. 19a, 09:28

Unai Salegi baino gehiago izan zen atzo Mikel Hernandez soraluzearra Mendaron jokatu zuten apustu bitxian. 56 minutu behar izan zituen Hernandezek eginbeharreko lanak amaitzeko eta butanoa bizkarrean hartuta Gaintxipixako tontorrera iristeko. Unai Salegik tontorrerako azkeneko maldan laga zuen proba, hauspoa beteta.

11:00ak pasatxo zirenean irten ziren bi apustulariak korrika, Mendaroko udaletxe atzetik. Mikel Hernandez ailegatu zen lehenengoa Lizarpeko gainera, 26 minutuko denbora eginda. Unai Salegi iritsi zenerako, aurkariarengandik lau bat minutura, Hernandezek kanaerdiko enborraren alde bat ebagita zeukan, baina aizkoran gehiago dela erakutsi zuen Salegik. Dezenteko aldea atera zion Salegik aizkorako lanean eta aurretik abiatu zen Gaintxipixarantz, butanoa bizkarrean hartuta. Bide erdialdera egin zuen lehen geldialdia, baina Mikel atzetik zuela ohartarazita, jaiki eta abiatu zen gorantz berriro. Beste geldialdi bat ere egin zuen gorago, eta hirugarren bat ere bai tontorretik metro gutxira, baina hirugarrengoan ez zuen berriro tentetzeko indarrik izan, eta Hernandezek aurrea hartu zion. Mendaroarrak han bertan laga zuen proba, eta soraluzearra gailendu zen. Unai bere hankaz jaitsi zen Lizarperaino eta han bertan artatu zuten mendiko salbamendu taldekoek. Handik ospitalera eraman zuten, eta obserbazioan pasatu du gaua. (Argazkiak: Plaentxia.eus)

Plaentxia.eus-ek grabatutako bideoan ikus daitezke apustuko hainbat une:

 

2015 10 18 apustua1