Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak Elgoibarko Udalarekin eta herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean antolatutako Haizea dator Iparraldetik! ekimena arrakastatsua izaten ari da. Urriaren 2an ekin genion zikloari Mixel Etxekoparren kontzertuarekin, eta azaroaren 14an emango diogu bukaera, Ederlezi pastoralarekin eta gauean Gaztetxean izango den kontzertuarekin.
Ekintza guztiak izan dira jendetsuak, eta zapaturako antolatutako kantu-bazkaria ere halakoxea izango da. Izan ere, Belaustegi jatetxeko jantoki nagusiak gainezka egingo du kantu-bazkarian, 108 lagunekin -Dagoeneko ez dago izena emateko aukerarik-. Aire ahizpen kantak entzun ahal izango dituzte bazkarira bildutakoek, eta horiekin batera, Eñaut Elorrieta eta Uxue Alberdi, Jon Gurrutxaga eta Iban Urizar ere entzun ahal izango dituzte.