Altzania Mendi Klubak antolatuta, Araia-Aratz kilometro bertikala jokatu zen atzo, hilak 25, Asparrenan. Parte hartzaileek 830 metro igo behar zituzten 4,3 kilometroko ibilbidean. Azkenean 112 lagunek lortu zuten Aratzeko tontorreraino ailegatzea eta Iñigo Lariz izan zen guztietan azkarrena, 36:26ko denborarekin. Julen Martinez De Estibariz gasteiztarrak egin zuen bigarren (37:41) eta Iñigo Gordoa arrasatearra sailkatu zen hirugarren postuan, 38:09ko denborarekin. (ikus sailkapenak)
•Araudia gorabehera
2015eko kilometro bertikalen Euskadiko Kopak bost proba izan ditu: Defi du Petit Train, Zegama-Aizkorri KB, Beriaingo KB, Anbotoko KB eta Araia-Aratz KB. Sailkapen nagusia osatzeko hiru probetan lortutako emaitzarik onenak hartzen dituzte kontuan antolatzaileek. Sailkapen horretan, Aitor Osa itziartarrak pilatu ditu puntu gehien, hiru garaipen eskuratuta. Iñigo Lariz dago bigarren postuan; garaipen bat (Araia-Aratz), bigarren postu bat (Zegama Aizkorri KB) eta hirugarren postu bat (Beriaingo KB) lortu eta gero. Arautegiaren arabera, baina, lehen sailkatuek Kopako azken probaren ostean egin zuten sari banaketara agertu behar zuten saria jasotzeko. Aitor Osa ez zen agertu ordea –beste lasterketa batean hartu zuen parte-, eta antolatzaileek bigarren sailkatuari eman zioten saria. Kopako irabazleari dagokion kamiseta etxera ekarri duen arren, Larizek ez du bere sentitzen garaipena. "Aitor Osak lortu du puntuazio altuena eta argi dago ni baino askoz hobea izan dela aurtengo kilometro bertikalen Kopan. Berea da meritua. Ez naiz irabazle sentitzen". Larizek jakinarazi duenez, iaz arte indarrean egon zen araudian, Kopako azken proban parte hartzea derrigorrezkoa zen. Aurten, baina, aldatu egin dute araudia eta ez zen derrigorrezkoa azken proban parte hartzea, bai, ordea, sari banaketa ekitaldira agertzea. "Neu ere ibili naiz araudian begira. Ulertzeko eta azaltzeko konplexu xamarra da, baina halaxe gertatu da", amaitu du.
•Sasoi betean Karakaterako
Jaso duen Kopa honek asebete ez badu ere, sasoi betean amaitu du Kilometro bertikalen denboraldia Larizek, eta pozik dago. Asteburu bete-betea izan da joan dena Larizentzat. Zapatuan, bera izan zen azkarrena Azketa-Erlo erronkan, eta proba hori asko gustatu zitzaiola nabarmendu du. "Proba motza eta giharrak erretzeko modukoa zen; egokia eta gustukoa niretzat, eta horrez gainera, asko gustatu zitzaidan formatua. Izan ere, norberak aukeratu behar zuen zer bidetatik igo, Karakateko igoeran egiten dugun moduan. Taktika aldetik, hau da, biderik egokiena aukeratzen, ez nuela asmatu uste dut, baina zangoek erantzun zidatenez, denborarik onena egitea lortu nuen, gutxigatik izan bazen ere". Hurrengo egunean, domekan, jokatu zen Araia-Aratzeko kilometro bertikalean aurreko egunean pilatutako nekea igarri zuela aitortu du Larizek, eta garaipena eskuratu arren, ez zen egindako denborarekin konforme gelditu. "Orain bi urte egin nuen denbora ondu nuen bai, baina ez nintzen hurbildu Aritz Egeak eta proba honetan eginak dituzten marketara". Karakateko igoerarako ere ez da asko falta eta hasi da horren kuttuna duen proba prestatzen. "Zaila izango da iazkoa berdindu edo hobetzea, baina ahalegina egingo dugu", esan du. Probako errekorra ezarri zuen iaz, eta 27:37ko denboran laga zuen marka berria.
•Asteburuko bigarren podiuma Lendinezentzat
Emakumezkoetan Virginia Perez Mesonero gasteiztarrak irabazi zuen Araia-Aratz kilometro bertikala, 45 minutu eta 10 segundoko denborarekin. Ainhoa Lendinez elgoibartarra irabazlearengandik 35 segundora ailegatu zen helmugara. Lendinez aurten hasi da kilometro bertikaletan lehiatzen eta atzokoarekin lautan hartu du parte (Azpeitiko Zuzenien, Berian, Anboto eta Araia-Aratz). Nabarmendu duenez, azken proba hau Anbotokoa baino “etzanagoa” da, eta hartara, Korrika egiteko tarte gehiago zegoen eta baldintza egokiak dira horiek bere ezaugarrietarako. "Niri halako mendiak gustatzen zaizkit, baso artean hasieran, harri gogorrean amaieran”. Aurreko egunean ere bigarren postua lortu zuen Lendinezek Azketa-Erlo erronkan, eta erronka gainditzea lortu zuten bi emakumeetako bat izan zen gainera. "Erronka gogorra zen, eta ez nuen uste halako denbora ona egingo nuenik. Euskadi Irratikoek esan zidaten parte hartzeko, eta lankideak ditudanez, halaxe animatu nintzen. Izugarria zenbat jende gerturatu zen. Irratikoak zuzenean emititzen gailurretik eta Azketatik, eta giro itzela, ni hunkituta egon nintzen".