EHBildu koalizioko arduradunek jakinarazi dutenez, ekitatea, progresibitatea eta birbanaketan oinarritu behar da udalaren politika fiskala, eta nabarmendu dute printzipio horiek aintzat hartuta jarri dituztela abian hainbat neurri azken lau urteetan. Besteak beste, honako neurriak aipatu dituzte: diru sarreren araberako hobariak familia ugarientzat Ondasun Higiezin Gaineko Zergan (IBI); hiri izaerako industri lurren gaineko zerga eguneratzea, lan finkoa sortzen duten enpresentzat hobariak; Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zergaren progresibitatean sakontzea, zilindrada handiko kotxeei igoera handiagoa aplikatuz; denda txikiei eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga murriztea; langabetu eta ikasleentzako hobariak kirol instalazioen erabilpenerako tasetan eta langabetuentzako hobariak partekatutako autoen zerbitzua erabiltzeko.
•Bi proposamen
Edonola ere, EHBildurentzat politika fiskalaren helburu bakarra ez da gastu publikoa finantzatzea. Horrez gainera, behar edo interes publiko bat betetzeko tresna ezin hobea izan daitezkeela diote. Esparru horretan kokatzen ditu EHBilduk Elgoibarko Udal Gobernuari udalbatzarrean aurkeztuko dizkion bi proposamenak. Batetik, etxebizitzen alokairua sustatzeko programa abian jartzea, besteak beste etxebizitza hutsei ezarritako errekargoari esker jasotako diru-sarrerak erabiliz. "Etxebizitza hutsak merkaturatzea eta alokatzeko dauden etxeen eskaintza handitzea sustatuko genuke". Bestetik, Hondakinen gaikako bilketari ezarritako helburuak bete ahal izateko hondakinen mahaia osatzea proposatzen dute, "emaitzen jarraipen zorrotza egin dezagun eta hartu beharreko neurri zuzentzaileak erabaki ditzagun. Besteak beste ordenantza fiskalei dagokionez birziklatzen duten herritarrak (familiak, herriko soziedadeak…) eta ez dutenak birziklatzen bereizten jarraitzea eta horren ondorioz dagozkien tasak ordaintzea eta hondakin organikoak konpostatzen dituzten familiei %40ko hobaria aplikatzea proposatzen dugu”.
- Informazio osoagoa elgoibar.ehbildu.eus
- 2015eko urriaren 29ko Elgoibarko Udalbatzarraren Osoko Bilkurako ohiko bilerako gai-ordena - PDF