Hamasei elgoibartar odol emaile omendu dituzte eskualdeko odol-emaileen bilkuran

Barren.eus 2015ko urr. 29a, 07:20

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak eskualdeko hainbat herritar omendu ditu, tartean, 16 elgoibartar. Horien artean, Amaia Mujika eta Consuelo Prieto nabarmendu behar dira, emaile bikain izendatu dituzte-eta 60 alditan odola eman duten emakumeak direlako.

Mujikak zein Prietok Emaile Bikainen oroigarria jaso zuten. Sortu berria den errekonozimendua izanik, beraiek dira jaso duten aurrenekoak. Emakumeek urtean hiru alditan eman dezakete odola eta lau alditan gizonezkoek. Hori dela-eta, aurrerantzean 60 odol emanaldira iristen diren emakumeek jasoko dute Emaile Bikainen oroigarria, eta gizonezkoek berriz, 75 aldiz eman beharko dute odola errekonozimendu bera jasotzeko.

2015 10 27 odol emaile bikainak50, 40 eta 25 aldiz odola eman duten lagunek ere jaso zituzten urrezko nahiz zilarrezko oroigarriak Eibarren egin zuten bilkuran.
Bertan, Antzuola, Bergara, Elgeta, Deba, Eibar, Soraluze, Mendaro, Mutriku, Oñati eta Elgoibarko odol emaileak omendu zituzten. Elgoibarkoei dagokionez, 25 odol-emate egin osteko zilarrezko oroigarria bederatzi herritarrek jaso zuten: Elena Agirre, Eva Acuña, Xabier Ansola, Abel Arriaga, Lander Betelu, Jesus Maria Elizburu, Sugar Etxaniz, Inmaculada Loiola eta Manuel Roman.
Lau gizonek eta emakume batek jaso zuten urrezko oroigarria; odola 50 alditan edo gehiagotan emateagatik gizonek, eta 40 alditan edo gehiagotan emateagatik, emakumeek. Ondorengoek jaso zuten oroigarri bana: Elena Arregi, Valentin Barrenetxea, Jose Martin Galarza, Juan Jesus Ramos eta Joaquin Rosario.
•Odol ateratzea, azaroaren 13an

Hurrengo odol ateratzea azaroaren 13an izango da Elgoibarren, anbulatorioan. Ohi bezala, 18:00etatik 20:30etara egongo da odola emateko aukera.