Zapatuan artisau eta nekazal azokek zein Kantu Egunak bat egingo dute Elgoibarren

Barren.eus 2015ko urr. 30a, 07:38

Urriko azken zapatua bizi-bizia dator Elgoibarrera. Hileko azken zapatuko nekazal feriaz gainera, Elgoibarko Artisau eta Eskulan Azoka antolatu du Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak bigarren urtez jarraian. Kantu Eguna ere zapatu honetan izango da.

•Herriko artisauen azoka 

Trinitate jaietako ohiko artisau azokaz gain, iaz egin zuten lehen aldiz herriko artisauak baino batzen ez zituen azoka. Aurtengoa bihar, zapatua, Lekuederren izango da 10:30etik 14:00etara bitartean. Bitxiak, margoak, xaboiak, ehunekin egindako lanak, luthier lanak eta bestelako eskulanak izango dira ikusgai. Honako artisauen postuak egongo dira:

  • Nagore Cid (Bitxiak)
  • Amaia Erkizia (Bitxiak)
  • Bitxibitxi (Bitxiak)
  • Enara Gorostiza (Ehunak)
  • Zugehini (Ehunak)
  • Xarlem Creations (Ehunak)
  • Juani Vergel (Eskulanak)
  • Membrillera Perez (Eskulanak)
  • Arturo Andrade (Lutheria)
  • Emi Nogales (Margoak)
  • Ana Mosacula (Xaboiak)

Talo tailerra

Urriko azken zapatuko ferian Elgoibarko hainbat baserritarrek eta ekoizlek saltokiak jarriko dituzte Kalebarren plazan (9:00etatik 14:00etara), eta eguerditik arratsaldera bitartean ganadu erakusketa egingo da, Aita Agirre plazan. Herri Eskolako Kalamua Guraso Elkarteak kudeatuko du hil honetako txosna, eta Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin egindako pintxoak salduko dituzte. Era berean, umeentzako talo tailerra egongo da, 12:00etatik 14:00etara bitartean, Kalebarren plazan. 

2015 10 30 talo tailerra2013iraila

Kantu Eguna

Kale kantarien taldekoek, kantura animatzen diren herritarrak eta beste hainbat herritatik gerturatuko diren zaleek kantuan jarrito dute Elgoibar zapatu honetarako antolatu duten Kantu Egunean. 2009an sortu zuten taldea Juan Carlos Arrietak animatuta eta Regina Arrieta eta Koldo Lizarralderen laguntzaz, musikari eta kantu zale batzuk eta ordutik, herriko kale giroko ekitaldi eta jaiak probestuz, kantuz alaitzen dituzte kaleak. “Hasieran ilusio handia nabari genuen. Jende asko irteten zen gurekin kalera kantura eta entsegura ere asko. Baina urteak aurrera joan ahala jendea gutxitu egin da”. Hori izan da kantu eguna antolatzeko arrazoietako bat: “Hasierako ilusioa berpiztea”. Aspalditik zuten buruan Elgoibarko Kale Kantariek horrelako egun bat antolatzeko ideia eta beste herrietatik ereduak hartuta antolatu dute aurtengorako. Laguntza berezia ere jaso dute. “Alcorta enpresa herriko hainbat talderi laguntzen ari da, eta gurekin ere akordatu da”. Kantua lagun artean politagoa dela iritzita, beste herrietako kantari lagunak gonbidatu dituzte, eta besteak beste, Arrasate, Donostia, Barakaldo, Algorta, Deba, Eibar eta Elgetatik etorriko dira.

Euskal kantuak abestuko dituzte: Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Xabier Lete, Txomin Artola, Urko... eta beste hainbat euskal musikagile ezagunenak, baina baita kantu herrikoiak ere. Kantuak, baina musika tresna taldea izango du lagun: bi soinu (Ana Arrizabalaga eta Ainhoa Zapata), bi txistu (Iñigo Legorburu eta Jon Arrieta) eta biolina (Elorri Irusta). Aurrez, ere, izan dira taldean musikari gehiago: Laura eta Amaia Vegas, Amaia Gorrotxategi eta Iraitz Solabarrieta. Baina taldekoek diote instrumentu nagusia ahotsa dela. Ahotsak eta musikak bat eginda Elgoibar kantuz jantzi nahi dute kale kantariek. “Gure helburu nagusia, kantuan gozatzen duen oro gugana biltzea da. Beraz, badakizu, animatu Kantu Egunera!”.

2015 10 08 kale kantariak tb