Jakintza alor desberdinetako gaiak eta pertsonak "gertutik" ezagutarazten ditu Aditu duzu? irratsaioak, gehienetan ezkutuan geratzen diren ikerketak eta pertsonak ikusgarri egiteko. UEUko komunikazio arduradun Idoia Torregaraik eta UEUko bazkide Mirari Martiarenak gidatzen dute saioa eta hilabete honetan Nerea Alaba izan da gonbidatua, ikerlariei egiten dieten tartean. Nerea Euskal Filologian lizentziatua da, eta Amaia Pinachorekin batera, Elgoibarko toponimoen azterketa egin zuen Elgoibarko Udalaren Gotzon Garake bekaren bidez.
Hain zuzen, Elgoibarko toponimoak ikertzen egindako lanari buruz berba egin du Nerea Alabak irratsaioan. Ikerketaren helburuetako bat leku izenak ikergai hartuta, Elgoibarko hizkerak izan duen bilakaera ikustea zela azaldu du. 2009an hasi zuten ikerketa lanaren ondorioen berri ere eman du. Eta aipatu duen ondorioetako bat honakoa da: Elgoibarko hizkeraren ezaugarriak denboran zehar aldatu egin direla, eta batez ere, aldatu direla hizkuntzaren baitan eta dialektoaren baitan. "Badakigu Elgoibar tarteko hizkerako herria dela, bai mendebaldeko ezaugarriak eta bai ekialdekoak biltzen dituela, eta bietatik elikatzen dela. Eta, era berean, ikusi dugu denboran zehar mendebalderagoko ezaugarriak zituela, esate baterako 1800. urtean eta XIX. mende hasieran, eta gaur egun, aldiz, ekialderagoko ezaugarriak dituela. Hori da egin genuen ikerketaren bidez ikusitako eboluzioa", azaldu du.
•Tarteko hizkera
Elgoibarko euskararen berezitasuna tarteko hizkera izatea dela nabarmendu du Alabak. "Tarteko hizkera da, baina nola edo zeri heltzen dio tarteko hizkera izateko? Gipuzkoako herria izan arren, Bizkaia bertan dauka eta Elgoibarko biztanle asko Gipuzkoara barik Bizkaiara begira bizi dira eta izan dira, hor daukate jomuga. Berezitasuna horixe du, bi hizkera dituela herriaren kokagunea eta historikoki izan dituen harremanek berezitasun hori izatera bultzatu dutelako". Toponimia lan bat ez dela sekula guztiz amaitzen ere esan du Nerea Alabak, beti dagoelako zer aztertua. Herriko ikastetxeetarako toponimoen inguruko sekuentzia didaktiko bat egiteko asmoa jarri du adibidetzat, buruan izan zuten ideia izan arren, egiteke laga zuten lanetako bat.
- Info7.naiz helbidean entzun daiteke irratsaio osoa (08:00. minututik aurrera hasten da Nerea Alabari eginiko elkarrizketa)
∞Lotura duten albisteak:
- Elgoibarko leku-izenen mapa aurkeztuko du gaur Udalak (2012-03-01)
- Zabaldu dute Elgoibarko toponimiari buruzko erakusketa (2011-02-17)
- Toponimia mapa osatzeko herritarren ekarpenak jasoko ditu Udalak (2011-02-14)
- Nerea Alabak eta Amaia Pinachok egingo dute Elgoibarko toponimiari buruzko lana (2009-12-03)
- Euskara arloko ikerketa sustatuko du Gotzon Garate izeneko bekak (2009-06-26)
- Gotzon Garateren omenez antolatutako ekitaldi-sorta (BIDEOAK)
- Elgoibarko toki-izenak (elgoibarkoizarra.com)