Ikusle mordoa batu zituen atzo Jakoba Errekondok Mendaroko Trinidade baselizan eskaini zuen hitzaldian. Baratza ez dela sekula aintzat hartu azaldu zuen paisajista usurbildarrak. "Baratza bigarren mailakotzat hartu da baserriko egitekoen artean, emakumeen lana izan delako ortukoa". Era berean, ortuko lana goratu zuen, bere berbetan ortua baita aire libreko gimnasiorik onena. Ortuan aritzeko hainbat gomendio ere eman zituen. Esaterako, mangerak saltzeko esan zien hitzaldira batutakoei, gaitzak mangeran etortzen direla-eta. "Ur gehiegi erabiltzeak sortzen ditu gaitz asko gure lur sailetan".
Idatzi duen azken liburuan, -'Bizi Baratzea.Garaian garaikoa garaiz'- 37 barazkiri buruz jakin beharreko guztia erakusten duela dio Errekondok, eta horren harira, landareak badirela nor defendatu zuen atzoko solasaldian. Besteak beste, karia eta asun-ura erremedio onak direla esan zuen, "ia edozertarako". Tomateekin gehiegi tematzeak ez duela merezi ere nabarmendu zuen. "Mexikoko basamortutik datorren landarea da tomatea, eta zelan ba hartuko ditugu gure paraje honetan urtero ale edarrak!”.
Jatea ekintza politikoa dela defendatu zuen, benetako borroka iraultzailea bere berbetan. Ildo berean, hartueman barik, eman-hartu behar luke izan bere ustez. Alegia, “lehenengo eman, gero hartzeko". Eman ‘emetik’ datorrela azaldu zuen, eta hartu berriz, harrapatu, ‘harretik’”. Izan ere, baratzezaintzaz eta mundua ikusteko duen moduaz gainera, euskara ere izan zuen hizpide Errekondok. “Lehendik ere bagenekien arren, zein aberatsa den gure euskara”, esanez amaitu zuen hitzaldia.
Jakoba Errekondoren hitzaldiak eman zion hasiera Mendaro Sasoian jardunaldiari, eta asteburuan izango dute segida. Hona hemen egitaraua:
•ZAPATUA, azaroak 7
10:00-14:00 Bigarren eskuko eta truke azoka.
11:00 Umeentzako ekintzak.
12:00 Heziketa bizikletaz, MTEren eskutik. Bizikleta eta kaskoa eraman behar dira.
14:00 Herri bazkaria. Kus-Kus-a frontoian.
•DOMEKA, azaroak 8
10:00 Herri gosaria. Hemen bertako produktuekin. Kilimon elkartean.
11:30 Garagartza ezagutuz ibilaldia. Bazkarirako eta gosarirako izen-ematea: Morroskilon eta Txirristakan.
*Argazkiak: Jabi Muñoz.