Ertzaintzak landa-patruila jarri du martxan Debabarrenean

Barren.eus 2015ko aza. 9a, 07:47

Landa-inguruko behar eta eskakizun bereziak erantzute aldera, Eibarko ertzain etxeko agenteak Debabarreneko landa-ingurua patruilatzen ari dira. 

Eibarko ertzain-etxeak joan den urriaren 26an jarri zuen martxan landa-patruila. Harrezkero, herritarrak babesteko unitateko agenteak Debabarreneko landa-ingurua patruilatzen ari dira, uniformea jantzita eta Ertzaintzaren bereizgarriak dituzten ibilgailuetan. Herriguneetatik aldenduta bizi diren herritarrei Ertzaintzaren zerbitzua gerturatzea da patruila horien zeregin nagusia. Eibarko ertzain-etxeak jakinarazi duenez, baserrietara eta isolatutako etxeetara bisitak egingo dituzte ertzainek, eta bizilagunekin berba eginez, izaten dituzten arazoak antzeman eta konpontzea izango da euren helburua.

Landa-inguruko patruila, gainera, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundietako basozainekin lankidetzan arituko da, herritarrei zerbitzu eraginkorragoa emateko asmoz.