Zazpi jardunaldi jokatu ondoren Viento Sur saskibaloi taldea lidergoan dago, guztia irabazita

Barren.eus 2015ko aza. 10a, 19:10

Viento Sur saskibaloi taldeak denboraldi hasiera aparta egin du. Sailkapeneko lehen postuan daude, orain arte jokatutako zazpi partidak irabazita, eta Atletico San Sebastian taldearekin berdinduta. Hain justu ere, elkarren aurka jokatuko dute bi taldeek, barixaku honetan (azaroak 13), Olaizaga kiroldegian. Lidergoa jokoan izango da. 

Bigarren probintzial mailan dihardu Elgoibarko Viento Sur saskibaloi taldeak. Hamalau talde ari dira lehian, eta hiru onenek lortuko dute mailaz igotzea denboraldi amaieran. Liga erregularra lehen postuan amaitzen duen taldea zuzenean igoko da mailaz, eta beste bi postuak aldiz, kanporaketetan erabakiko dira. Bigarren postutik bosgarren postura sailkatzen diren lau taldeek jokatuko dituzte play-offak elkarren aurka; bigarrenak bosgarrenaren aurka eta hirugarrenak laugarren sailkatuaren kontra.

Debabarrenako bi talde daude kategoria honetan: batetik, Elgoibarko Viento Sur, eta bestetik, Eibarko Katu Kale taldea. Lehen itzuliko derbia jokatu dute dagoeneko eta elgoibartarrak nagusitu ziren Olaizagan jokatutako partidan.  

Hamabi jokalarik osatzen dute Viento Sur eta taldekideek elkar oso ondo ezagutzen dute, iaztik hona jokala berri bat bakarrik sartu baita taldera. Barneko jokoan oinarritzen dute erasoko jokoa. Saskitik gertu jokatzen duten jokalariak esperientzia handikoak dira, eta gainera, garaiera handiko pibotak dituzte. Taldeko jokalari luzeenak bi metro ditu, eta horrez gainera beste bi jokalari ere ez dabiltza bi metroetatik urruti. Defentsako lana ere taldearen zutabeetako bat da. “Gogor” defendatzen saiatzen direla diote jokalariek eta estatistikek ere horrela dela erakusten dute, punturik gutxien jaso duen taldea baita momentuz. 

•Denboraldiko partida garrantzitsuena

Viento Surrek denboraldiko partidarik garrantzitsuena eta erakargarriena jokatuko du barixaku honetan, Olaizaga kiroldegian. Atletico San Sebastian taldearen bisita jasoko dute elgoibartarrek. Donostiarrek ere orain arte jokatutako zazpi partidak irabazi dituzte, eta honenbestez lidergoa jokoan izango da (ikus sailkapena). Bietako batentzat denboraldiko estreinako porrota izango da. Etxeko taldea animatzera joateko deia egin dute taldekideek. Olaizaga kiroldegian jokatuko da partida, 20:15ean hasita.