Cristina Villalobos: "Behobia-Donostia amaitu orduko banekien berriz errepikatuko nuela"

Barren.eus 2015ko aza. 10a, 20:48

Cristina Villalobosek ordu eta erdian egin zuen domekan Behobia Donostia lasterketa, eta bera izan zen emakumezkorik azkarrena elgoibartarren artean. Sei urterekin hasi zen atletismoan eta luzera jauzian Euskadiko txapeldun izan zen gaztetxotan. Atletismoa lagata izan zuen gero, harik eta berriz antxitxika hasi zen arte orain urte batzuk. Iaz, 37 urterekin, hartu zuen parte estreinakoz Behobian. Bere bizipenen berri eman digu ondorengo elkarrizketan.

-Ordubete 30 minutu eta 26 segundoan osatu duzu aurtengo Behobia-Donostia. Gustura geratu zara egindako lasterketarekin?

Bai. Nire asmoa ordubete eta 25 minuturen bueltan ibiltzea bazen ere, egin zuen beroagatik ez zen izan markak egiteko egunik aproposena. Ondo entrenatuta joan nintzen eta nire burua gai ikusten nuen jarritako helburua betetzeko. Are gehiago, Gasteizko maratoi erdian egin nuen denbora erreferentziatzat hartuta. Ordubete eta 29 minutuan egin nuen iaz eta Behobiak baino ibilbide luzetxoagoa dauka, 1.300 metro gehiago. Beroaz aparte, beste arazo batzuk ere izan nituen. Ordularia blokeatu egin zitzaidan irteeran eta erreferentziarik gabe aritu nintzen korrika. Ez nago ohituta eta eragozpen handia izan zen niretzat. Desorientatuta ibili nintzen ibilbide guztian, bata zein besteari galdezka ibili nintzen arren. Pentsa, helmugara iritsi nintzenean ordubete eta 28 minutuan egin nuela pentsatu nuen hango ordulariei begiratuta, baina handia izan zen desengainua ordu eta erdian egin nuela jabetu nintzenean.

 

-Bistan da oso lehiakorra zarela.

Bai, oso. Proba bat nik nahi dudan moduan egiteko prestatuta ez banago nahiago dut ez parte hartzea. Getaria Zarautz itsas zeharkaldia, esaterako, lau bat bider egin dut. Aurten, baina, gehiago aritu naiz korrika eta gutxiago igerian, eta hortaz zeharkaldia ez egitea erabaki nuen, ez nukeelako nik nahi nuen denboran egiterik izango. Horixe da nire izaera. Urduria ere banaiz. Adinarekin nerbioak baretzen ikasi dudan arren, lasterketa gehiagotan hartuko nuke parte horren urduria ez banintz. Proba aurreko egunetan urduri jartzen naiz eta buruarentzat neke handia da hori.

 

-Behobiara itzuliz, aurreneko postuetan sailkatu zara emakumezkoetan.

6.000 emakumek baino gehiagok hartu dute parte aurten, inoiz baino gehiagok, eta lehen 70 sailkatuen barruan nagoela uste dut; eta 39. postuan senior kategorian. Afizionatu batentzat emaitza oso ona dela uste dut.

 

-Beroa izan da aurtengo protagonistetako bat. Proba aurretik Martin Fiz maratoilari gasteiztarrak esana da, "25 gradurekin hobe da Kontxan pasiera bat ematea maratoi erdi bat korrika egitea baino". Nola eragin zizun beroak?

2015 11 08 behobia cristina villalobos1Bero ikaragarria egin zuen. Antolatzaileek behin eta berriz ohartarazi gintuzten aurtengo baldintzak ez zirela markak ontzeko egokienak. Amaitzea nahikoa meritu zela esaten ziguten eta lagatzeko markak hurrengo edizioetarako. Zetorrenari aurrea hartuz, anoa-postu gehiago ere jarri zituzten. Hala eta guztiz, beroaren eraginez edo nekeak jota parte hartzaile bat baino gehiago ikusi nuen bide bazterretan. Eta okerrena izan zen 31 urteko gizon bat hil egin zela jakitea. Korrika egiteko 16 gradu inguruko tenperatura da egokiena nire ustez. Dena dela, argala naizenez eta gantz gutxi dudanez, beroarekin hotzarekin baino hobeto moldatzen naiz ni. Domekako beroa larregia izan zen ordea. Eta hala eta guztiz, iaz eguraldi baldintza hobeagoekin egin nuen denbora ondu nuen, segundo bakar batzuk izan badira ere.

 

-Iaz korritu zenuen estreinakoz Behobia-Donostia.

Bai, 37 urterekin egin nuen nire estreinako Behobia. Nahikoa berandu, atletismoan sei urterekin hasi nintzela kontutan hartuta. Elgoibarren ia 16 urte badaramazkit ere, Ermukoa naiz eta kirolari garrantzi handia ematen dion San Lorentzo ikastetxean hasi nintzen atletismoan, kros lasterketetan. Gero, hainbat urte egin nituen federatuta Durangoko Bidezabal kirol-taldean. Zango luzeak nituela-eta, krosa laga eta arreta altuera jauzian jarri nuen. Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun izan nintzen behin baino gehiagotan eta Espainiako lau txapelketetan ere lehiatu nintzen; bitan pista estalian eta aire librean besteetan. Ez ditut nire markak oso ondo gogoratzen, baina  metro bat eta 68 zentimetroko jauzia egitera iritsi nintzela uste dut. Zortzigarren postuan geratu nintzen Espainiako Txapelketa batean izan zela uste dut, 14 edo 15 urte nituela. Hamazazpi urterekin atletismoa laga nuen. Lagunak asteburuetan irteten hasi ziren sasoian, hain justu ere. Bizitzako sasoi hori pasa ostean, berriz ekin nion kirola egiteari, igeriketa eta korrika uztartuz. Eta konturatzerako lasterketetan parte hartzen hasi nintzen. Herriko probetan hasi nintzen, gau-krosean-eta. Iaz, baina, zergatik ez maratoi erdi batekin ausartu? esan nion nire buruari eta Gasteizkoa eta Behobia-Donostia egin nituen.

 

-Zerk deitu zizun gehien arreta Behobia eta Donostia arteko lasterketan?

2015 11 08 behobia cristina villalobos v1Izugarri gustatu zitzaidan. Egin nuen markagatik baino gehiago bizi izan nituen sentipenengatik. Gasteizko maratoi erdiak ez zidan laga halako aho gusturik. Behobiaren bueltan dagoen animazioa sekulakoa da: ezagutuko bazintuzten moduan animatzen zaituzten ikusleen animoak, zuzeneko musika eta DJak ibilbideko hainbat gunetan, mozorrotutako ikusleak… baina gehien-gehiena gustatu zitzaidana Boulevarreko ailegaera izan zen. Helmugako zuzena ederra da, itsasoa alboan eta azken ahalegina egitera bultzatzen zaituen jendetza animoak ematen. Zirraragarria da. Amaitu orduko banekien berriz errepikatuko nuela.

- Nola moldatzen zara entrenamenduetarako denbora izateko?

Ahal dudan moduan. Bi ume ditut eta eta egunean zortzi ordu lan egiten ditut. Sakrifizio apur bat eskatzen du korrika egiteko denbora hartzeak. Batez ere ondo eta asko entrenatzea gustatzen zaidalako. Atletismo klub batek ni fitxatzeko interesa agertu du, baina nahita ere ezingo nuke behar bezala entrenatu. Uda sasoian goizaldeko seiak eta erdietan esnatzen naiz korrika egitera joateko eta batek baino gehiagok esaten dit nola jaikitzen naizen horren goiz. Niregatik balitz 11:00etan joango nintzatekeela erantzuten diet, baina ez daukadala horretarako aukerarik. Honetxek ematen dit bizipoza eta kirolari eskaintzen dizkiot dauzkadan denbora libre tarte apurrak. Triatloia probatzera ere animatu naute, igerian eta korrika ondo moldatzen naizela-eta. Arazoa berdina da ordea: denbora falta. Eta gainera, bizikletan ez naiz oso ondo moldatzen.

 

- Zeintzuk dira datorren urteei begira dituzun erronkak?

Urrun ikusten dudan arren, maratoi bat egitea gustatuko litzaidake. Umeak pixka bat koskortzen direnean entrenatzeko denbora gehiago izatea espero dut eta gustatuko litzaidake maratoi bat prestatzea. Egitekotan ondo egitea nahi dut. Nire helburua ez baita amaitzea soilik izaten. Marka bat egiteko erronka jartzen diot nire buruari. Horrela ulertzen dut nik atletismoa, beti nahi dut hobetu. Lehen horrela zen eta era horretan hezi ninduten. Proba batean parte hartzen banuen irabazteko zen. Hori bai, galtzen ere jakin egin behar da, kirolaren parte baita. Lehiakortasuna, neurri batzuen barruan, ez zait txarra iruditzen.