Joseba Zinkunegi babesteko eta epaiketa politikoak salatzeko ekitaldiak antolatu dituzte zapaturako

Barren.eus 2015ko aza. 12a, 10:31

Madrilgo Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleari lotutako 35 pertsona epaituko ditu abenduaren 3tik aurrera, tartean Joseba Zinkunegi elgoibartarra. Hamarna urteko kartzela zigorra eskatzen du guztientzat. 35 auzipetu horiei eta bereziki Zinkunegiri elkartasuna adierazteko ekitaldi sorta antolatu du Libre Elgoibar taldeak larunbaterako.

Epaiketa politikoen kontrako aldarria Elgoibarko kaleetara eraman nahi du Libre Elgoibar taldeak. Era berean, eskubide zibil eta politikoen defentsa beharrezkoa dela nabarmendu du. Hori dela eta, asteburuan laranjaz janzteko deia egin dute. 13:30ean kontzentrazioa egingo dute Eskubide zibil eta politikoen defentsan, Zinku eta besteak libre lelopean.

Joseba Zinkunegi 2008ko otsailaren 11n atxilotu zuten, ezker abertzalearen egitura politikoa desegiteko Segurako sarekadatik lau hilabetera. 2010eko otsailean irten zen kalera, politikan jarduteko debekuarekin.

Epaiketa 2015eko urtarrilean zen egitekoa, baina atzeratu egin zen, defentsako abokatuak atxilotu egin baitzituzten epaiketa hastear zenean. Hala, joan den urtarrilaren 24an ere egin zuten Libre Eguna Elgoibarren.

•Egitaraua

  • 11:00 Karakate Laranjaz janztera, korrikalari eta ikusle.
  • 13:00 Askegunea plazan: material salmenta eta atxikimendu bilketa.
  • 13:30 Kontzentrazioa Plazan: Eskubide zibil eta politikoen defentsan, Zinku eta besteak libre
  • 14:00 Argazkia.

2015 11 12 libreeguna zinkunegi ladron 2014