Pastoral bat ikusteko estreinako aukera izango dugu Elgoibarren

Barren.eus 2015ko aza. 12a, 18:18

Haizea dator Iparraldetik! ekimenari amaiera emateko, pastorala eta musika-kontzertua izango ditugu larunbat honetan Elgoibarren. Iparraldea hobeto ezagutzeko prestatutako zikloko antolatzaileek jakinarazi dutenez, Elgoibarren pastoral bat ikusteko estreinako aukera izango da.

Ederlezi pastoralak XVII. eta XXI. mendeen artean Euskal Herrian bizi diren ama baten eta bere zazpi alaba ijitoen istorioa kontatzen du. Familia bati jarraituko diogu, mendez mende eta herriz herri, Bizkaitik Zuberoara, Lapurdiko sorginen ehizan edo Bigarren Mundu Gerran sortzen duten miresmenaren edo gorrotoaren testigu. Testua Mixel Etxekoparrek idatzi du, eta zuzendaria Nicole Lougarot da.

Pastorala Herriko Antzokian izango da, arratsaldeko 17:30ean hasita, eta sarrerak 5 euroko prezioa izango du.

Pastoralaren antolatzaileak Haritz Dantzari-taldea, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topegunea eta Elgoibarko Udala dira, eta Etxe-tar enpresak eta Txarriduna hotelak diruz lagundu dute.

•Kontzertua Gaztetxean

Gauean, berriz, musika kontzertua izango dugu Elgoibarko gaztetxean. Nahia x Matthys eta Xiberoots musika-taldeak izango dira 23:00etatik aurrera. Kontzertuaren antolakuntza-lanetan Elgoibarko Gazte Asanbladak ere parte hartu du.

Antolatzaileek elgoibartar guztiak animatu nahi dituzte bi ekintza horietan parte hartzera.