Mendaroko talde bat 'Gaztea Dantzan' lehiaketako finalean

Barren.eus 2015ko aza. 12a, 19:05

Gaztea Dantzan lehiaketara aurkeztutako 50 bideo-lanen artean, antolatzaileek 20 aukeratu dituzte finalerako eta horien artean da Mendaroko dantza taldeak aurkeztutako Kalea mugitu, dantzatu! izeneko koreografiaren bideoa.

Gaztea Dantzan lehiaketaren finalera ailegatu zen iaz balleta ikasten ziharduen Mendaroko neska talde bat, eta aurten ere finalera iritsi da Mendaroko beste dantza talde batek aurkeztutako bideo-lana.
Gaztearen webgunean ikus daitezke finalisten izenak eta bideoak. Orain, bozketa-fasea hasi da. Hiru irabazle aterako dira fase honetan, herritarren botoei esker: lehenak 1.000 euro lortuko ditu; bigarren sailkatuak, 500 euro, eta hirugarrenak, 300 euro. Horrez gain, epaimahaiak 750 eurorekin sarituko du koreografia onena; 500 eurorekin bakarlari edo bikote onena, eta beste 500 eurorekin bideorik onena. Bozkatzeko azken eguna azaroaren 18an izango da (egun hori barne), eta egun bat geroago jakinaraziko dituzte irabazleen izenak.

Marina Diez eta Ana Alberdi irakasleek zuzenduta honako hauek dira bideoan ageri diren dantzariak: Nerea Cueto, Arene Salegi, June Fernandez, Olatz Cinto, Naia Sorazu, Uxue Agirretxea, Goiatz Andonegi, Ane Txoperena, Naia Fernandez, Andrea Beraza, Danitza Moron, Maite Mendikute, Leire Godoy eta Janire Pampin.