Elgoibarko Gotzon Garate Udal Liburutegiak helduen artean euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzeko sortu zuen Epeletan izeneko irakurketa-tailerra.“Euskal liburuak aisia bihurtzea” da egitasmoaren helburua, eta irakurtzeko zaletasuna duten herritar guztiak deitu dituzte tailerrean parte hartzera.
Danele Sarriugarteren gidaritzapean, 12etan bermuta eleberrian murgilduko dira hurrengo saioan, datorren astelehenean (azaroak 16), 19:00etatik 20:00etara, liburutegian. Jasone Osoro idazle elgoibartarrak idatzi duen azken liburua da 12etan bermuta eta idazleak berak ere hartuko du parte solasaldian.
•Sautrelan
Literaturari buruzko Sautrela telebista saioan ere protagonista izango dira Osoro eta 12etan bermuta lana. Sautrela saioko 422. atala zapatu honetan, hilaren 14an, emango dute ETB1en, 15:00etatik aurrera.