Elikagai-bilketa erraldoia antolatu du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, hirugarren urtez jarraian. Elgoibarko Gizarteratze Mahaia osatzen duten elkarte eta erakundeek parte hartzera deitu dituzte herritarrak, eta bilketan laguntzeko boluntarioak behar dituztela ere jakinarazi dute. Hala, txandak antolatuko dituzte, bai barixakuan (azaroak 27), bai zapatuan, 09:00etatik 21:00etara arteko ordutegi etengabea betetzeko. Txanda egiteko ordutegiak eta saltokiak boluntario kopuruaren arabera zehaztuko dituzte.
Elgoibarren, boluntario lanak egiten lagundu nahi dioten pertsonek ahalik eta azkarren eman beharko diote horren berri Elgoibarko Udalaren Gizarte Ongizate Sailari (Kalegoen 6, behea). Horretarako, Ongizate Sailera bertaratu edo 943 741 008 telefono zenbakira deitu beharko dute; erakunde hori baita Elgoibarko hitzordua koordinatu eta kudeatuko duena.
Gizarteratze Mahaiak aditzera eman duenez, pertsonen prestutasunak kanpainaren gestioa erraztuko du eta ildo horretan boluntarioen laguntza ezinbestekoa dela nabarmendu dute.
•Elgoibarko 200 familiarentzako laguntza
Elgoibarren jasotako elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankuak Bergaran duen egoitzara eramango dituzte. Gero, gure zonaldean beharra duten familien artean banatuko da bildutakoa. Elikagai Bankura jotzen duten familien kopuruak goranzko joera du. Urtetik urtera pertsona gehiagorengan iristeko beharra dago. Elgoibarren, 200 familia inguru izan ziren elikagaiak Gipuzkoako Elikagai Bankutik jaso zituztenak 2014an. Batutako elikagai kopuruak ere gora egin du: 2013an 6.565 Kg elikagai bildu zituzten eta 9.980 Kg elikagai 2014an. Gipuzkoan 350.000 kilo batu zituzten orain bi urte eta 575.000 kilo iaz.
- Informazio osoagoa: elgoibar.eus