Barixakuan, 08:30ean, diana egingo dute Elgoibar Ikastolako ikasleek Kalegoen plazatik abiatu eta ikastetxera artean. Lehenengo eta bigarren mailakoak kantuan joango dira, hirugarrenekoak eta laugarrenekoak marakak eta turutak jotzen eta bosgarrenekoak txirulekin. Gainera, Musika Eskolan instrumenturen bat jotzen ikasten ari direnek osatuko dute taldea. Guztira 440 haur inguru izango dira.
Arratsaldean, berriz, Inazio Bereziartua Musika Eskolatik abiatuko da txaranga txikia 18:00etan eta kalejira egingo du.
Baina ez dira barixakuan bukatuko Santa Zeziliaren omenezko ekintzak Musika Eskolan. Astelehenean, hilaren 23an, trikitilariak arituko dira 18:30ean, eta ondoren, 19:00etan kontzertua izango da auditorioan. Ekitaldi hori aprobetxatuko dute aurreko ikasturtean bosgarren ikasturteko bigarren maila gainditu zutenei diploma bana emateko.
•Bandak omenaldia
Elgoibarko Udal Musika Bandak domekan, Santa Zezilia egunean bertan kontzertu berezia eskainiko du. Goizean 09:45ean kalejira egingo dute eta 12:30ean izango da kontzertu nagusia Herriko Antzokian. Eduardo Borras pasodoblea, Appalachian Overture, Rock Symphonie, Old Comrades eta Danzon N°2 izango dira eskainiko dituzten piezak. Kontzertua zaindariaren omenez ez ezik, aurten beste norbaiten omenez ere egingo du Udal Musika Bandak. Izan ere, 50 urte dira Luis Maria Zubiaurre Lodoso klarinetejolea bandan hasi zela eta bera omenduko dute kontzertuan. Horrez gain, Udal Musika Bandako hildako kideen aldeko meza ere izango da azaroaren 21ean 19:00etan San Bartolome parrokian.