Indarkeria gaitzesteko egunerako, azaroaren 25erako, pankarta bat egin dute joan den asteburuan Mendaroko Gaztelekuan. Horrez gain, datorren eguaztenerako hainbat ekintza antolatu ditu Mendaroko Udalak. Hasteko, 17:30ean, Mendaroko Ludotekako nagusiek eta Dantza modernoko irakasle eta ikasleek indarkeriaren aurka egiteko sortu dituzten dantzak eskainiko dituzte Herriko Enparantzan (euria eginez gero, frontoian). Ondoren, haur zein nagusientzako ekintzak egingo dituzte, ludotekako hezitzaileen laguntzarekin. Batetik, Haur Hezkuntzako umeek eta haien gurasoek, mosaikoa egiteko erabiliko dituzten more koloreko puxikak puztuko dituzte. Eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako umeek eta gaztetxoagoek udaletxeko balkoian eskegitzeko girnalda moreak egingo dituzte. Geroxeago, 18:15 eta 18:30ak bitartean, mosaiko erraldoi bat eratuko dute plazan, puxika moreak erabiliz, parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera.
Aipaturiko ekintza guztietan hartuko dute parte Gu Ta Gutarrak telebista saioko partaideek. Gainera, amaieran photocall txiki bat egingo dute, hala nahi dutenek eurekin argazkiak ateratzeko aukera izan dezaten.
•Ekintza ugari Elgoibarren
Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izanik hainbat ekintza antolatu ditu Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak, besteak beste hainbat kultura saio. Batetik Iceberg irudia erabiliz, kartel, whatsapp eta sare sozialen bidez mezua zabalduko dute. Bestalde, Institutuan eta Ikastolan, 304 neskak eta 286 mutilek genero indarkeriaren prebentzio tailerrak egingo dituzte. Indarkeria matxistaren kontrako hausnarketa landu, harreman berriak sortzeko oinarriak jarri eta harreman afektibo sexualak ere izango dituzte aztergai. Gaztelekuak ere aktiboki hartuko du parte kanpainan puntu morea jarriz eta kontzentrazioan parte hartuz. Horrez gain, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko erakusketa egin, Beldur Barik lehiaketara aurkezten diren lanak aztertu, abesti sexisten bideoklipak eta letrak hausnartu, whatsapp tailerra egin, pegatinak diseinatu eta sare sozialetan zabalduko dituzte.
•Ipuinak eta bideoa
Azaroaren 20rako, Haizea taldeak La verdad de Soraya M. filma emango du Kultur Etxean 21:30ean Loredi Salegiren gidaritzapean eta emakumearen aurkako biolentzia izango du gai nagusi. Azaroaren 26an, berriz, Maider Galarzak
ipuin ez sexistekin ipuin saioak egingo ditu Ipuinak mara-mara izenpean Udal liburutegian. Galarzak 17:00etan saio bat eskainiko du Haur Hezkuntzako 5 urteko ikasleentzat, eta 17:30ean, berriz, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleentzat. Ekitaldi nagusia, berriz, azaroaren 25ean izango da. 19:00etan Kalegoen plazan elkarretaratzea egingo da Elgoibarko Emakumeen Kontseiluak deituta eta egunerako propio prestatutako idatzia irakurtzeaz gain (irakurri hemen adierazpen instituzionala), Beinke bertso eskolakoek abestu eta Gaztelekuko gazteek berek egindako pegatinak banatuko dituzte. Iaz, martxa morea izan zen berritasun nagusia azaroaren 25aren harira antolatutako ekintzetan. Ikus ondorengo bideoan.