Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kudeatzen duen Euskararen Telefonoa zerbitzuak jauzi berria eman eta eskuko telefonoetarako aplikazioa jarriko die esku artean erabiltzaileei. Android eta ios sistema eragileak dituzten gailuetarako prestatuta dago eta hauen aplikazioetarako dendetatik doan jaitsi daiteke. Gaur egun teknologiek eskaintzen dituzten aukerak probestu eta hizkuntza-eskubideen gaineko gertaerak modu eroso eta azkarrean helarazi eta zerbitzura jotzeko aukera eskaini nahi da Akuilari aplikazioaren bitartez. www.akuilari.eus webgunean ikus daiteke informazioa.
Jada Euskararen Telefonoa web orrian erregistraturik dauden erabiltzaileek, behin aplikazioa mugikorrean instalatuta, euren datuak sartu eta, erabilgarri izango dute. Erabiltzaile berriek, berriz, instalatu eta erregistratu egin beharko dute erabiltzen hasteko.
•Hizkuntza-eskubideei lotutako gertaerak
Hemendik aurrera hortaz, herritarrek azkarrago eta erosoago helarazi ahal izango dizkiete Behatokiari hizkuntza-eskubideei lotutako gertaerak (kexak eta zorionak). Erabiltzaileak, bertan ikusi ahal izango ditu halaber Behatokiari helarazitako kexa eta zoriontze guztiak. Gainera, une horretan bertan gainontzeko erabiltzaileek jarri dituzten azken kexa eta zoriontzeak ere ikusi ahal izango ditu. Sare sozialetan hedatzeko aukera ere eskaintzen du.
“Euskaraz bizitzeko hautua egin duten pertsonak errealitatean aurkitzen dituzten oztopoak gainditzen saiatzen dira, zailtasunei aurre egiteko prest daude eta saiatzen dira egoera hori hobetzeko zerbait egiten. Horretan lagunduko dien elkartasuna eta babes eske jotzen du Behatokira”, Garbiñe Petriati zuzendariak adierazi duenez.
•Euskaraz bizitzea lortzeko aldaketak
Pertsona hauek eragina daukate beren inguruan eta egiten duten ahaleginak emaitzak ematen ditu. Horrela, ‘Gogoan izan’ dokumentalean jasotako Maixux Rekalderen kasua ekarri du gogora. “Herritarren duintasunak eta jarrerak hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen neurriak hartzea, urratsak ematea eta hizkuntza-portaeretan aldaketak sustatzen dituzte. Errealitatea aldatzea lortzen dute. Kontzienteki egindako praktikak emaitzak ematen ditu. Jokabide eta portaeren balioa eta garrantzia handia da”, Petriatiren esanetan.
“Kontziente gara, internetek egun duen irismen ahalmenaz, jende asko eta askorentzako mugikorrak oinarri-oinarrizko gailu, nonahiko eta ezinbesteko eta bere egunerokoaren parte garrantzitsu bihurtu direla”.
Baliabide hauek praktikotasuna eta berehalakotasuna eskaintzen duten neurrian, abantaila hauek baliatu eta euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dutenei eta egin nahi duten herritar guztiei, euren inguru hurbilean aldaketak sustatzeko tresna da Behatokiak eskaini nahi duena. Poliki-poiliki eguneroko bizitzan herritarrei protagonismoa hartzen lagunduko diena. Euskaraz bizitzea lortzeko aldaketak bultzatzeko aukera eta gaitasuna eskainiko dion tresna.