Fosil eta Mineralen museora bisita gidatua antolatu du Haizeak

Barren.eus 2015ko aza. 25a, 11:22

Mufomi Fosil eta Mineralen museoa 1993. urtetik dago Artetxe kalean, baina ez da ezagunegia herritarren artean. Haizea emakume taldeak museoa ezagutzeko bisita gdatua antolatu du eguenerako. Pello Arrieta historialari elgoibartarrak gidatuko du bisita eta museo inguruan egon ziren lantegien historiaren berri ere emango du.

Eguen honetan, azaroaren 26an, izango da bisita gidatua. Interesatuek Malako parkean agertu beharko dute 17:00etan. Handik, Mufomi museorantz joango dira. Bidean inguru horretan egon ziren enpresen inguruko azalpenak emango ditu Pello Arrietak, besteak beste, Lasa, Jarbe, Alba, Abate, Berdin, Gozua, Cimde, Izpi lantegiak egon ziren Maalatik Artetxera bitartean. 17:30ean sartuko dira museora. 

Mufomi museoa, ondo berezitako bi aretotan banatuta dago. Lehendabizikoan, fosil ornogabeak eta Euskal Herrian aurkitutako fosilak daude.

Bigarren aretoan, berriz, fosil ornodunak eta mineralak daude. Hamalau horma-erakustoki handi daude, eta mahai gaineko erakustoki bi. Horietariko batean, mamut eme baten garezurra ikus daiteke, jatorrizko hortzak dituela. Bestean, aldiz, Ursus spelaeus espezieko hartz-kume bat dago. Horma-erakustokietan orotariko fosilak daude: dinosauro txikiak, dinosauro arrautzak, marrazo hortzak, eta hainbat aztarnategitatik (Ameriketako Estatu Batuak, Libano, Txina, Brasil, Alemania, e.a.) datozen arrainak. Ugaztunen, dortoken eta narrastien garezurrak ere badaude, eta txorien, anfibioen eta abarren fosilak ere bai. 

   Informazio osoagoa: www.gipuzkoakomuseoak.net. BARREN aldizkarian 2003an argitaratutako erreportajea -PDF-.

2015 11 25 mufomi museoa1

2015 11 25 mufomi museoa

2015 11 25 mufomi museoa mamut