Nuala Gardnerek idatzitako A Friend Like Henry liburuan oinarritutakoa da After Thomas filma eta bere seme Daleren bizimodua du hizpide. Autista da eta Nualak berak seme autista bat izatean dituen ezintasunak eta trabak gainditzeko eginbeharrez ere hitz egiten du. Henry da Dalen txakurra, bere lagun eta irakaslea. Filmaren bitartez autismoa bezalako gai bat lantzeaz gain, Nuala Gardner bera ere izango da emanaldian. Autismodun umeek heldutan ere autismoa dutela azaltzeko eta egoera hori jendaurrean azaltzeko idatzi zuen liburua eta Elgoibarren ere autismoari buruzko okerreko usteak argitzen saiatuko da. 20:30ean hasiko da emanaldia eta sarrera doakoa izango da.
•Anateusk eta Afaine ezagutzera
Anateusk gizarte berrikuntzarako Elgoibarko zentroaren gonbidapenari erantzunez etorri da Elgoibarrera Nuala Gardner. Anateusk-ek txakurren laguntzarekin egiten duen lan terapeutikoa ezagutzera eta babesa ematera etorri da, besteak beste. Anateusk barruko Afaine programa ezagutzeko aukera ere izan du. Programa horretan, desgaitasunen bat duten sei erabiltzailek parte hartzen dute. Elgoibarko Udalaren Haur eta Gazteria, Gizarte Ongizate eta Udal Kirol Patronatuaren laguntza du programak eta astean bi saio eskaintzen dituzte Olaizaga kiroldegian.
Anateuskek trebatutako txakurrekin egiten duen lan terapeutiko garrantzitsua eta anitza goraipatu zuen Gardenerrek atzo, Elgoibarko Udalak egin zion harreran. Bere ustetan, lan honi esker, desgaitasuna duten haurren bizimodua hobetu ahal izango da; “nire seme Dale-rekin, Henry etxera iritsi ondoren, gertatu zen bezalaxe”.
Gardner-ek aipatu zuenez, txakurrak hezitzaile lana egiten laguntzen du, eta oso eraginkorra da hainbat terapia lantzeko; Erresuma Batuan egiaztatu ahal izan denaren arabera. Gainera, azpimarratu zuen, desgaitasuna duten pertsonen integrazioan txakurrekin lan egiteak diru dezente aurreratzen laguntzen duela; "izan ere, animalia horiek izango ez bagenitu, pertsona bat baino gehiago kontratatu beharko lirateke lan hori egiteko".
•Lan saioa
Desgaitasuna duten pertsonen familiekin egingo den lan-saio batean parte hartuko du Gardenerrek eguenean. Bilera hori 18:00etan izango da, eta parte hartu nahi dutenek Elgoibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen 943 74 10 08 telefono zenbakira deituta eman ahal izango dute izena.