Azken egunetan emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera erakutsi dute Elgoibarko eta Mendaroko bizilagunek hainbat ekitaldiaren bidez. Atzo, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean, Emakumeenganako indarkeria ez! Lelopean Kalegoen plazan egindako kontzentrazioan jende ugarik parte hartu zuen.
•Elgoibarko datuak
Azaroaren 25aren harira, genero indarkeriaren Elgoibarko datuak jakinarazi ditu Udalak: urtarriletik azarora bitartean 5 tratu txar kasu zenbatu dituzte, (11 izan ziren 2014an eta 22 kasu 2013an), eta ez dute sexu erasorik zenbatu aurten. Biktimen jatorriari dagokionez, 3 atzerritarrak ziren. Erasotzailearen batez besteko adina 43 urtekoa da aurten (iaz 42,1). Elgoibarko Udalak jakitera eman dituen datuak Genero Indarkeria eta Sexu Erasoen Biktima diren Emakumeak Hobeto Artatzeko Koordinazio Protokoloaren bitartez artatutako kasuen txostenean jasota daudenak dira. Aurreko urteetako datuekin alderatuta, artatutako kasuen kopurua gutxitu dela nabarmendu dute udal arduradunek, baina jaitsiera horren "benetako zergatiak” azaltzea ez dela erraza aitortu dute, faktore askok eragina izan dezaketela-eta. Alabaina, sinistuta daude Elgoibarko Udala gizarte-eragileekin elkarlanean egiten ari den prebentzio lanak izan duela nolabaiteko eragina, eta baita biktimak artatzeko arreta hobetzeko egin duten ahaleginak ere. Hain zuzen ere, indarkeria matxistari aurre hartzeko eta biktimak artatzeko ekintzetara 30.8971 euro bideratu ditu Elgoibarko Udalak 2015ean. Prebentzio lan horren barruan egin dituzte, esaterako, genero indarkeriaren prebentzio lantzeko tailerrak ikastetxeetan. Guztira, 590 ikaslek hartu dute parte tailerrotan, 304 neskak eta 286 mutilek.
•Mosaiko erraldoia Mendaron
Mendaron, berriz, emakumeenganako indarkeria gaitzesteko ekimenak oso bestelakoak izan ziren. Ludotekako nagusiek eta dantza modernoko ikasleek dantzak eskaini zituzten. Horrez gain, LHko umeek eta haien gurasoek egindako girnaldaz apaindu zuten udaletxeko balkoia. HHko umeek eta haien gurasoek puxika moreak puztu zituzten. Gero, herritarrek puxikekin mosaiko erraldoia osatu zuten. ETB1eko Gu ta gutarrak saioko partehartzaile batzuek, indarkeria matxistaren aurkako ekimen honekin bat eginez, Mendarora bertaratu ziren eta hango gazteekin batera argazkiak atera zituzten photocall-ean.