Elgoibarko udalbatzarrean egin duten proposamena onartuz gero, enpleguaren sustapenerako diru laguntza %20an igoko litzatekeela ohartarazi du EHBilduk. Koalizioak azaldu duenez, Elgoibarko Udalak kudeatzen ditu Eskualdeko Enplegu Planari dagozkion diru laguntzak. Gestioaren kostu gisa, udal bakoitzak herri bakoitzera zuzendutako diru-laguntzaren %5a ordaindu behar dio Elgoibarko Udalari, eta kontzeptu honengatik 14.000 euroko sarrerak izango ditu Elgoibarko Udalak. “Kontuan izanda egitasmo honek ez duela ekarriko kudeaketa-gastu zuzenik (kontratazio berria, lanaldia luzatzea…) EHBildutik diru-sarrera hau enplegua sustatzeko erabiltzea proposatzen dugu, kontratazio berri bat bideratuz eta horrela eskualdeko plana osatuz”, azaldu zuen EHBilduko bozeramaile Jose Luis Ibartzabalek joan den eguazteneko udalbatzarrean. Horrela eginez gero, Elgoibarko Udalak 75.000 euroko aurrekontua izan beharrean 90.000 eurokoa izango lukeela (%20 gehiago) nabarmendu zuen. Halaber, eskualdeko enplegu planaren bitartez sortutako diru-sarrerak herriko enplegua sustatzeko erabiltzea “guztiz zuzena” eta “koherentea” dela adierazi zuen.