Ibilgailuak bi pibote eta farola bat jo zituen eta errotik atera ostean, 10. ezkaratzaren aurka jo zuen gero. Bortitza izan zen kolpea eta txikituta laga zuen atariaren alde bat. Kolpea jo ostean, alde egin zuen ibilgailuak.
Elgoibarko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, goizaldeko 04:30ak inguruan aurkitu zuten atariaren aurka jo zuen ibilgailua, 4 x 4 ibilgailu bat, Elgoibarko beste zonalde batean. Jabea zein zen jakitea ere lortu zuten eta baita lokalizatu ere; autoa aurkitu zuten lekutik urrun, ordea. Hori dela-eta, ez zioten alkoholemia edo droga frogarik egin arazi. Zigarro bat pizten ari zela despistatu eta ibilgailuaren kontrola galdu zuela azaldu zien gizonezkoak udaltzainei, udaltzainburuak azaldutakoaren arabera. Abisurik jaso ez zutela ere nabarmendu du Udaltzainburuak. "Handia izan zen kotxeak etxearen aurka jo zuen kolpea eta ziur bizilagun batek baino gehiagok entzungo zuela, baina ez genuen dei bakar bat ere jaso. Guardia egiten ari zen patruilako kideek kaltetutako atari ondoa ikusi zutenean euren kabuz hasi ziren autoaren bila, eta talka gunean lagatako arrastoei segika topatu zuten".
•Sutea Sigmako etxebizitza batean
Asteburuan jazotako beste gertakari baten berri ere eman du Udaltzaingoak. Sigma auzoko etxebizitza bateko balkoian piztutako sua itzali zuten udaltzainek, zapatu goizaldean. Guardia egiten ari ziren udaltzainek balkoi bat sutan zegoela ikusi zuten gauerdi inguruan eta etxekoei abisu ematera joan ziren. Etxeko bizilagunak esnatu eta etxetik atera ostean sua itzaltzea lortu zuten.