Euskaltegiko irakaslea da Josu Esnaola. Sortzez elgoibartarra den arren, makina bat urte daramatza Getxon.
Argia Ereiten Euskara Sarien sari banaketa ekitaldia Getxoko Fadurako Kiroldegiko batzar aretoan egin zuten, 150 bat lagunen aurrean. Imanol Landa Getxo alkateak nabarmendu zuen bi saridunek euskarari ofizioz eta afizioz dedikatutako bizitza eduki dutela, biak euskaltegiko irakasleak direlako eta musu truk parte hartu dutelako euskara sustatzeko hainbat ekimenetan, esate baterako, Bizarra Lepoan, Bost Axola irratia, Egizu, Irakurzaleen Txokoa, Sortua ekimenetan... Horregatik, bi euskaltzaleei beren euskararekiko konpromisoagatik eskerrak eman zizkien getxotar guztien izenean. Saria Luis Artola artisauak egindako egurrezko eskultura izan zen.
Josu Esnaolak saria hartzerakoan adierazi zuen zeregin honetan ez direla bakarrik egon eta urte guzti hauetan beraiekin aritu diren guztiak ekarri zituen gogora. “Saria guk jaso dugu baina atzean jende asko dago. Asko jaso dugu jende askorengandik eta horiek aberastu gaituzte eta guk eman duguna baino gehiago eman digute. Eskerrak lekukoa hartu zutenei, beraiei esker Berbalagunak iraun duelako eta zabaldu delako esparru askotara. Saria beraiek ere merezi dute”, amaitu zuen Esnaolak. Txistu-pieza bat ere jo behar izan zuen Josu Esnaolak sari banaketa ekitaldian. (iturria eta argazkiak: Getxoko Udala). Ekitaldiko argazki gehiago: hiruka.eusuka.eus