BARREN aldizkariak, TOKIKOM tokiko komunikabideen bateraguneko beste zenbait hedabiderekin batera, gehigarri berezi bat kaleratu du (aste honetako aleko 12. orrialdetik 17.era -PDF-), Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Gehigarriak, berezitasun bat dauka: gaztelaniaz eta herriko beste erdaretan idatzita dago.
Orain arte inoiz egin gabeko proba izan da, puntuala, euskarazko toki hedabideen munduaren lana eta arrazoiak beste esparru batzuetan ezagutarazteko. “Bagenuen gogoa euskaraz ez dakiten horiei gure jardunaren berri emateko. Toki komunikabideak garen neurrian, gure herri eta eskualdeetako bizilagunak ditugu mintzagai nagusi, euskaraz jakin ala ez. Eta hori azaldu nahi izan dugu gaurko edizio bereziarekin: gure zentrua tokiko komunitatea dela, eta horrexegatik dihardugula euskaraz. Euskara ere gure komunitatearen parte delako. Badakigula beste hizkuntz komunitate asko ditugula inguruan, eta horiek ere ateak zabalik dituztela gure medioetan. Gure inguruan gertatzen dena axola zaigula, edozein hizkuntzatan gertatuta ere”, TOKIKOM-en arabera.
“Gainera, euskal komunitatearen berri eman nahi izan diegu auzokide ditugun beste komunitate horiei. Horregatik, Euskaltzaleen Topagunearen eta TOKIKOM-en arteko lankidetzari esker, gai gehigarri komun bat ere argitaratu dugu, gure mundutxo honen berri emanez”, adierazi du. (Informazio osoagoa: Euskararen eguna, erdaldunei kontatua)
Honako hau da ekimenarekin bat egin duten medioen zerrenda:
- Aiurri Astekaria (Beterri-Buruntzaldea)
- Arabako Alea (Araba)
- Barren (Elgoibar-Mendaro)
- Goiena (Debagoiena)
- Hiruka (Uribe-Kosta)
- Pil-Pilean (Soraluze) (aurrerago argitaratuko da)
- Txintxarri (Lasarte-Oria)
- Urumeako Kronika (Urumealdea)
♦Erabili, bizi, erabiZi, Topaguneak zabaldutako mezua, bideoan: