Goizean goiz zabalduko dute baserriko produktuen azoka Goñati pilotalekuan, eta ganadu azokarik ere ez da faltako. 11:00etan V. Sagardo lehiaketa hasiko da. Sagardoa dastatzeko aukera ere izango dute azokara gerturatzen direnek. Adunako Aburuzakoa, Hernaniko Alberrokoa, Aiako Izetakoa, Astigarragako Lizeagakoa eta Petritegikoa eta Usurbilgo Urdairakoa.
Arratsaldean herri-kirol saioa egingo dute frontoian. Ugaitz Mugerza eta Iker Vicente aizkolariak nor baino nor arituko dira hamar kanaerdiko zeinek lehenago ebaki. Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II eta Inaxio Perurena harrijasotzaileek, berriz, erakustaldia egingo dute forma eta pisu ezberdinetako harriekin. Herri kirolen ostean, Angel Garatek prestatutako saiheski errea jateko aukera izango da. Pintxo bakoitza euro batean erosi ahal izango da eta Arno guraso elkarteak jarritako txosna egongo da edarietarako. Goizeko sagardo dastaketatik edaririk soberan badago ere jarriko dute aukeran. Hori guztia laguntzeko Joxelu anaiak taldearen zuzeneko musika saioa egongo da.
- Mendaroko Kontzezio Azokako egitaraua (PDF)
•Tio Teroren Semeak taldearen dantza erakustaldia
Dantza eta umorea uztartzen dituen ikuskizuna da Freshcool. Tio Teronen Semeak taldeak egun bakarrerako prestatu eta izandako arrakastaren harira beste hainbat emanaldi egin ditu, tartean Mendarokoa. Ikuskizunaren egileen berbetan, "Euskal dantza ikuskizun berri honetan dantzariek, inolako konplexurik gabe eta umore-sen handiarekin betikoa egingo dute baina orain arte inoiz ikusi ez den bezala". Hamar dantzarik eta hiru musikarik osatuko du Mendarora "parrandara" etorriko den lagun koadrila. Herriko plazan trago bat hartu, elkarren berriak kontatu eta ordu batzuetan errutinatik ihes egingo dute dantzaren bidez. Lagun arteko konplizitateak, adar jotzeak, apustuak, amodio kontuak... horiek guztiek aktibatuko dituzte beren gorputzak eta dantza bidez plazaratu. Iker Sanzek sarera igotako ondorengo bideoan ikus daiteke Mendaron erakutsiko duten dantza egiteko modu bereziaren adibide bat.