Haizeako arduradunek jakinarazi dutenez, Kilimon errekaren ibarretik egingo dute irteera datorren zapatuan, abenduaren 12an. Arkaitzen, sarbegien eta leizeen artean agertzen eta desagertzen den erreka berezi honen portaera ezagutzeko hainbat azalpen emango ditu bidean Inma Mugerza geologo elgoibartarrak. Era berean, Kilimoiko urek Maikutzetik datozen lurrazpiko urekin duen erlazioaren berri ere emango du Mugerzak. Ur horiek dira, hain justu ere, Elgoibarren eta Debabarreneko beste herri batzuetako bizilagunek edaten dituztenak.
Elgoibarko Tren Geltokian azaldu beharko dute Aranerreka bailara ezagutzeko irteeran parte hartzeko interesa dutenek, 09:22eko trenean joateko asmoa dute-eta.