Urteko Gazta Txapelduna lehiaketan parte hartuko duten parte hartzaile guztiek irabazi dute gazta lehiaketa entzutetsuren bat. Izan ere, Elgoibarren lehiatu ahal izateko baldintza da Jatorri Izendapeneko Kontseilu Erregulatzaileak araututa, aurten Euskal Herrian egin dituzten hamasei ardi-gazta lehiaketetako bat, gutxienez, irabaztea. Bederatzi gaztagilek bete dute aurten baldintza hori, tartean Mauxitxak. Elgoibarko gaztagileek beste inork baino lehiaketa gehiago irabazi dituzte aurten, lau guztira.
Epaimahaiak sari bakarra emango du (1.500 euro). Kalamua elkarteak eta Elgoibarko Udalak lankidetzan antolatzen dute lehiaketa hau, eta aurtengoa zortzigarren edizioa izango da. Iaz Joseba Intxausti ordiziarrak eskuratu zuen saria. Txapelketa hau antolatzen duten zortzigarren aldia da aurtengoa.
Udaletxeko pleno aretoan jarraitu ahal izango du, nahi duen orok, urteko gaztarik onenaren aukeraketa. 12:00etatik aurrera epaimahaikideen lana zuzenean ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Dena dela, streaming bidez Internetetik zuzenean jarraitu ahal izango da lehiaketa.
Honako hauek dira aurten lehiaketaren bat irabazi duten gaztagileak:
- J.M. Ansola-Mausitxa (Elgoibar): Araia (2015-08-15), Elgoibar (2015-08-29), Legazpi (2015-09-26) eta Gernika (2015-10-26)
- La Leze (ilarduia): Deba (2015-01-04), Intxaurrondo (2015-09-19) eta Agurain (2015-10-06)
- Ricardo Remiro (Eulate): Bilbo (2015-06-20) eta Azpeitia (2015-07-25)
- Ipiñaburu (Zeanuri): Plentzia (2015-08-16) eta Ordizia (2015-09-09)
- Maria Jesus Larretxea (Elizondo): Uharte-Arakil (2015-08-30)
- Aitor Urien (Abadiño): Axpe (2015-09-29)
- Aizpea (Olaberria): Euskal Herriko Txapelketa (2015-10-26)
- Aixtra (Araia): Bergara (2015-09-12)
- J. Aranburu Elkartea (Idiazabal): Eibar (2015-11-30)