Abenduaren 24an Kalegoen plaza jendez betetzeko egitaraua prestatu du Elgoibarko Izarrak

Barren.eus 2015ko abe. 22a, 21:01

Aurten ere handia izango da abenduaren 24a Elgoibarko Izarrarentzat. Goizeko 11:00etan hasi eta arratsaldeko 14:00ak arte aparteko giroa izango da Kalegoen plazan. Diana, Olentzero eta Mari Domingi, Elgoibarko Izarraren aldeko tonbola, txosna erraldoia. Hona hemen prestatu duten programa:

•Diana, 09:00etatik 11:00etara, esnatu eta kalera irteteko!

Abenduaren 24an modu ezin alaiagoan esnatuko gara elgoibartarrok. Atxutxiamaikak diana antolatu du dultzaineroekin, trikitilariekin eta taldeko hezitzaileekin, eta diru-eskean eta kantuan jardungo dute bi orduz. San Lazaro Egoitzara eta Zaharren Egoitzara ere joango dira bertakoen bihotzak alaitzera. Diana Kalegoen plazatik irtengo da goizeko 09:00etan, eta edozeinek parte har dezake.

Olentzero eta Mari Domingi, 11:00etan, Kalegoen plazan

11:00etan, berriz, egun horretako protagonista nagusiei egingo diete ongi-etorria Kalegoen plazan: Olentzerori eta Mari Domingiri, hain zuzen ere. Agurra dantzatu eta ongi-etorria egin ondoren, kale-jiran irtengo dira kantu-kantari. Kalegoen plazara bueltatutakoan, Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak eman eta beraiekin argazkiak ateratzeko tartea zabalduko da, ume guztiak gure bi lagunekin egon arte.

Elgoibarko Izarraren aldeko tonbola, 11:00etatik 14:00etara

1.500 erregalu baino gehiago lortu dituzte aurtengo tonbolarako. Elgoibartarron borondateari esker, aparteko tonbola prestatu du Elgoibarko Izarrak eta herritar guztiak gongidatu nahi dituzte tonbolan parte hartzera. Gainera, erregalurik ez daukaten boletoentzat, aurten zozketa izango da tonbolaren amaieran. Milar-Birek emandako telebista zozketatuko dute. Zozketa 14:00etan izango da, tonbolaren amaieran, eta saria jasotzeko bertan egon beharko da.

Txosna erraldoia, txorizo- eta txokolate-taloekin, 11:00etatik 14:30era

Kalegoen plazan prestatu duten programarekin amaitzeko, gosea eta egarria asetzeko txosna izango da. Edariak nahi beste izango dira, eta urtero moduan, taloak izango dituzte etxera goseak ez joateko; txorizo- eta txokolate-taloak, hain zuzen ere.