Mintxeta atletismo taldeak antolatu du Elgoibarko 7. San Silbestre lasterketa, eta izenemateetatik lortzen duten dirua Juan Mugertza Nazioarteko Krosa finantzatzeko baliatuko dute. Izenemateak lasterketa hasi baino 15 bat minutu lehenagora arte egin beharko dira. Honako tabernetan ere eman daiteke izena, bi euroan: Jai-Alai, Tantaka, Salento eta Lanbroa. Antolatzaileek garbi laga dute lasterketak ez duela izaera lehiakorrIk izango, eta beraz, ez dituztela denborak hartuko eta saririk ere ez dutela banatuko. Hori bai, parte hartzaile guztien artean opariak zozketatuko dituzte.
•Mendaron 17:00etan
Elgoibarren antxitxika egiten dutenek Mendaron ere egin ahal izango dute berriz, ordu batzuk geroxeago. Izan ere, Mendaroko bigarren san Silbestre lasterketa antolatu du Mendaroko Txirrindulari Taldeak. 17:00etan hasiko da, eta zirkuitu honi bi itzuli egin beharko dizkiote: Plazatik hasi eta Azpilgoetarantz abiatuko dira parte hartzaileak eta handik Garagartzara. Ondoren, estaziotik San Josera joateko eta han itzulia emango dute, frontoira itzultzeko. Egunean bertan eman ahal izango da izena, bi euro ordainduta.